Txinparta Filosofiak ikasturteko lehen 'Elkar & hizketa filosofikoa' aurkeztuko du Teila Fabrikan
Egiako Teila Fabrika.Teila Fabrika Txinparta Filosofia sareak martxan jarri du ikasturte berriko egitaraua. Iaz martxoan sortutako proiektuak, Euskal Herriko filosofiazaleak elkartzeko asmoz, Elkar & hizketa filosofikoak izeneko topaketa sorta izango du ardatz aurten. Helburua argia da: filosofia bestelako esparruetara zabaltzea, eta elkarlanaren bidez gogoeta partekaturako guneak sortzea.
Ekimen berri honek filosofia beste gai batzuekin uztartu nahi ditu, elkarte eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa sustatuz. Antolatzaileen esanetan, espazio hauek “elkarrekin ikasteko, jasotzeko eta emateko” balioko dute, eta pentsamendu kritikoa kolektiboki lantzeko aukera eskainiko dute.
Lehen hitzordua
Lehen hitzordua hilaren 4an izango da, ostegunez, 19:30ean, Teila Fabrikan. Saio inauguratzaileak “Joxe Azurmendi gaur” du izenburua, eta euskara, euskal pentsamendua eta filosofia izango ditu ardatz. Gainera, Aiora Enparantzak (Bagera elkartea) eta Haritz Azurmendik (Jakin aldizkaria) hizketaldian parte hartuko dute, eta saioa Ekhi Atorrasagastik aurkeztuko du.
Ekimen hau irekia izango da eta parte hartzera gonbidatu dituzte filosofia gogoan edo bihotzean duten herritarrak, zein jakin min hutsez hurbiltzen direnak.



