Venezuelaren kontrako erasoa salatzeko elkarretaratzea antolatu du Askapenak
Askapena talde internazionalistak hainbat elkarretaratze antolatu ditu abenduaren 4, 5 eta 6rako Euskal Herriko hainbat herritan, prozesu bolivartarrari babesa emateko eta inperialismoak Venezuelaren subiranotasunaren aurka egindako erasoa salatzeko. “Inperialismoaren aurrean, prozesu bolivartarra tinko!” lelopean izango da Donostiako mobilizazioa, ostiralean, 19:00etan Bulebarrean.
Prozesu bolivartarra erasopean
Askapenak azpimarratu duenez, “Venezuelaren aurkako erasoa ez da berria; gertatutakoa aspalditik jasaten ari diren ofentsibaren areagotzea baino ez da”. Ideal bolivartarrean oinarrituta, Chavezek martxan jarritako prozesuak “aurrerapen erraldoia” ekarri zion herri venezuelarrari, eta herri sektoreen bizitza hobetu zuela aldarrikatu dute.
Horregatik, jasaten ari da horrenbeste eraso Venezuela, Askapenaren ustez: “Historikoki kolonizatuak eta zanpatuak izan diren herriak etorkizun burujaberako artikulatzen saiatzeagatik, herri venezuelarraren esplotazioaz aberasten zen bertoko oligarkiaren botereari aurre egiteagatik, munduko beste herrietarako eredu askatzaile bat izateagatik eta Venezuelako petrolioa eta baliabide naturalak garapen propiorako kudeatu nahi izateagatik”.
Era berean, salatu dute Maduroren gobernuari AEBetara heltzen den drogaren erantzule izatea leporatzen diotela, eta, “aitzakia” horiek ez direla berriak, eta, gainera, “probarik eta euskarririk gabeko asmakizunak” direla uste dute.
“Tinko eutsi”
Eragile internazionalistak baieztatu dutenez, Venezuelako herriak “tinko eutsiko die eraso inperialistei, bere subiranotasuna, bere proiektu eraldatzailea eta bere duintasuna defendatzeko”. Herriaren borroka horretan, Askapenak ziurtatu du herri bolivartarrak badakiela “ez dagoela bakarrik borroka honetan”: “Munduko hainbat eta hainbat herri eta mugimendu gaude lerrokatuta eredu askatzaile propioa eraikitzeko herri venezuelarrak garatzen duen borrokarekin”.
Euskal Herrira begiratu behar dela aldarrikatu du Askapenak “munduko beste herrien zapalketa hemen ere hasten da”. “Beste herriak, Venezuela barne, erasotzen dituen inperialismoa Euskal Herritik ere elikatzen da. Horregatik, ezinbestekoa dugu beste herriekiko solidarioa den Euskal Herria internazionalista eraikitzea. Momentu honetan, Venezuelako prozesu bolivartarraren defentsan atera behar dugu, baita inperialismoa eta bere laguntzaileak salatu ere, etxe ondoan ditugunetatik hasita”.


