Adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aldarrikatu dituzte
Elkarretaratzera deitu zuen Atzegik atzo, Bulebarrean. Atzegi Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, Atzegik ehunka herritar batu zituen atzo Bulebarrean. Elkarteak nabarmendu duenez, adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideek oraindik ere erronka garrantzitsuak dituzte aurrean, eta horien aldeko aldarria kalera ateratzeko unea zela uste dute.
Geurea lortu arte – No vamos a parar lelopean, senideak, desgaitasun intelektuala duten pertsonak, boluntarioak eta erakundeetako ordezkariak bildu ziren beren mezua helarazteko: “Oraindik bada lanik egiteko berdintasunerako bidean”. Elkarretaratzean, hala, hainbat pankarta ikusi ziren, mezua argi utziz: Guri buruz ezer ez gu gabe, Ikasteko eskubidea dugu edo Gure bizitzen inguruan erabaki nahi dugu.
Bulebarreko ekitaldia
Atzegiko presidente Josean Idoetak nabarmendu zuen aurten “konfort eremua” uztea erabaki dutela, gizarte inklusiboa pertsona guztien artean eraikitzen dela gogorarazteko: “Borroka hau ez da gurea bakarrik; Gipuzkoako gizarte osoarena da.”
Ekitaldia amaitu baino lehen, elkarteko bozeramaileek dekalogoaren hamar puntuak irakurri zituzten; besteak beste, eskubideen defentsa, irisgarritasun kognitiboa, hezkuntza inklusiboa, etxebizitza duina eta zahartze aktiboa.
Amaitzeko, elkarretaratzearen ostean, Antzoki Zaharrean jarraitu du ospakizunak, Atzegiren kanpainaren ekitaldi nagusian. 500 lagun inguruk bete zuten aretoa, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatzeko eta herritarren sentsibilizazioa areagotzeko helburuarekin.


