Anoetako Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihuak salatu ditu Espainiako Ligak
Anoetako giroa, Europa ligako partida batean.Reala Espainiako Futbol Ligak astero bidaltzen dio idazki bat Espainiako Futbol Federazioko Diziplina Batzordeari eta Indarkeriaren Aurkako Batzordeari, aurreko jardunaldian estadioetan entzundako “gorrotoa bultzatzen duten edo eduki iraingarri edo intolerantea” duten oihuen berri emanez. Aste honetan, nahiz eta astero egoten diren Palestinaren aldeko elkartasun oihuak Hego Euskal Herriko estadioetan, zerrenda horretan sartu dituzte Realeko hainbat zalek Vila-realen aurkako igandeko partidan Palestinaren alde eta Israelen aurka egindako oihu batzuk.
Zehazki, 64. minutuan Aitor Zabaleta harmailatik “hamar bat segundoz eta modu koral eta koordinatuan” entzundako “Palestina askatu, Israel suntsitu!” oihuak sartu dituzte zerrendan. Otsailean, antzeko arrazoiengatik salatu zuten Alaves talde arabarra, “Puta Israel” eta “Estatu sionista, estatu terrorista” oihuengatik.
Aste honetako txostenean, Palestinaren aldeko oihuez gain, Anoetako beste bi gertakari ere sartu ditu Espainiako Ligak: 41. minutuan, Vila-realeko jokalari bat lurrean zegoenean “Písalo, písalo” oihukatu zutela dio txostenak, baita 53. minutuan “La Romareda, puta pocilga, donde se juntan Ligallo y Policía. Que puto olor, que porquería, con una bomba todo aquello volaría, una explosión de Goma 2 y que le den por culo a Aragón. Esa Real que se la goza, viendo quemarse a esa Puta Zaragoza” oihukatu zutela ere.


