'El largo camino. Historias de Ucrania' antzezlana eskainiko dute Donostian, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean
'El largo camino. Historias de Ucrania' antzezlaneko irudi bat. Hurrengo asteazkenean, hilaren 10ean, izango da Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta, horren harira, El largo camino. Historias de Ucrania antzezlanaren emanaldia antolatu du Donostiako Udaleko Giza Eskubideen atalak. Aurkezpena hilaren 10ean bertan izango da, 18:00etan, Antzoki Zaharrean. Sarrera doakoa izango da, baina erreserba egin behar da, Donostia Kulturaren webgunean edo Antzoki Zaharreko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.
Udalak azaldu duenez, “antzezlan horrek ahotsa ematen die Ukrainako gerraren ondorioak lehen pertsonan bizi izan dituzten pertsonei. Errefuxiatuei, amei, alabei eta gizarte langileei egindako benetako elkarrizketetatik abiatuta, obrak gatazka garaietan oroimenaren, erresistentziaren eta elkartasunaren indarra erakusten duen giza mosaiko bat eraikitzen du. Estatuko bi antzerkigileekin eta antzerkigile ukrainar batekin, antzezlanak lekukotasuna eta poesia eszenikoa uztartzen ditu, elkarrizketara eta enpatiara gonbidatzeko”.
Horrez gain, udalak gogorarazi du, azken urteotan egin duen moduan, ikastetxeentzako PaseARTE Giza Eskubideei buruzko ibilbideak martxan daudela urritik, eta hala jarraituko dutela ikasturtea bukatu arte. “Honetan, bisitatu ahal izango dira Giza Eskubideen Aldarrikapenaren baloreez hitz egiten duten Donostiako hainbat artelan”, nabarmendu du udalak.


