Euskararen ordenantza «zorrotz» betearazteko eskatu dio EH Bilduk udalari
Itziar Iturri eta Markel Ormazabal zinegoztiak, gaurko agerraldian. Nagore Garmendia EH Bilduk berriz ere jarri du mahai gainean Donostiako euskararen udal ordenantzaren betearazpena, eta Udal Gobernuari exijitu dio herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko dituen tresnak erabili eta hobetu ditzan. Koalizioak gogorarazi du urtebete baino gehiago dela gai honi buruzko lehen kontrol mozioa aurkeztu zutela; ordea, hainbat ekimen ekarri dituzte ordutik udalera, ordenantzaren urraketak “maiz” gertatzen direlako.
EH Bilduren arabera, azken hilabeteetan hainbat ekitaldi ez dira bat etorri euskararen presentzia eta lehentasuna ezartzen duen araudiarekin. Esaterako, Donosti Cup txapelketaren aurkezpenean euskarak ez zuen presentziarik izan, eta aurtengo Dferian, adibidez, eskainitako euskarazko antzezlanen kopurua oso murritza izan da. Horregatik, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, “egunero eta egunerokoan” hizkuntza eskubideak defendatzeko konpromisoa berretsi dute, “horrelako adibide asko daudelako”.
Udala, “kezka iturri”
Itziar Iturri eta Markel Ormazabal zinegotziek egindako agerraldian azaldu dutenez, “bereziki kezkagarria” izan da azaroko Osoko Bilkuran Kiroletako zinegotzi delegatuak eman zuen erantzuna. Udalak euskararen ordenantza betearazteko «saiakerak» egiten dituela adierazi bazuen ere, herritarren «ulerkortasuna» eskatu zuen, eta gaineratu zuen gobernuaren asmoa ez dela «polizia linguistikoarena egitea». EH Bilduk salatu du, hala, Udal Gobernuak zein puntutaraino eskatzen dion euskal hiztunei ulerkortasuna.
Hobetzeko borondate eza
Koalizioak uste du indarrean dauden mekanismoak aplikatzeaz gain —dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten jardueren jarraipena, udal espazioen erabilera baldintzak, eta abar— badaudela hobetzeko moduko arloak. Hala ere, nabarmendu dute ezinbestekoa dela udalak “benetako borondatea eta anbizioa” izatea, eta hizkuntzarekiko “errespetuz” jardutea.
Gauzak horrela, EH Bilduk Jon Insausti alkatearen agerraldia eskatu du Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean. Haien hitzetan, bertan mahai gainean jarriko dituzten galdera horiek ezinbestekoak dira Donostiako hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen erabilera sustatzeko bidean aurrera egiteko. Alkatearen agerraldi hori, hala, hilaren 9an izango da, 08:00etan.


