Gabonetako Liburu Elkar Truke Azoka antolatu dute Zuhaiztin
Aldakonea kaleko sarbidea Mandasko Dukearen pasealekutik.Beñat Parra Zuhaizti eskolako Ikasleen Guraso Elkarteak (IGE) Gabonetako Liburu Elkar Truke Azoka iragarri du, Instagram bidez. Eskolako komunitateari ez ezik, herritarrei ere zuzendutako ekimena da, eta euskarazko kultur materialari bigarren bizitza bat ematea eta irakurzaletasuna zein aisialdi osasuntsua sustatzea dira helburuak.
Azoka hilaren 12an, 17:00etan, egingo dute Aldakonean. Bertara hurbiltzen direnek aukera izango dute euskarazko liburuak, CDak, DVDak, mahai-jokoak eta antzekoak trukatzeko, Gabonetan “etxean gozatzeko moduko altxorrak” eskuratzeko.
Horretarako, antolakuntzak aurrez materiala bilduko du: atzo hasi ziren eta bihar (hilak 4) arte, Aldakoneako patioko bilketa puntura (ludotekaren ondoan) eraman ahal izango dira trukatu nahi diren objektuak, 16:30etik 17:00etara.
IGEak gurasoak eta ikasleak animatu ditu “etxean mila aldiz ikusi dituzten euskarazko liburu, CD, DVD edo mahai-joko horiek” eramatera, beste familia batzuek ere gozatu ahal izan ditzaten.


