Baso bainuak Ulian: naturan murgiltzeko aitzakia
Baso bainuak egingo dituzte Ulian, naturarekin konektatuz ongizatea lantzeko. Basotik Fundazioa Cristina Enea Fundazioak hainbat urtez antolatu ditu baso bainuak Ulia mendian, naturaren bitartez parte-hartzaileek “ongizate fisiko zein mentala lortzeko” aukera izan dezaten. Hala, aste honetan bertan izango dute hurrengo saioa.
Fundaziokoek diotenez, baso bainuak “jarduera bitxi edo exotiko” bat dira askoren ustetan, baina errealitatea “bestelakoa” da: “Naturan oinarritutako ongizate praktika bat da; gure estresa murriztea eta ongizatea handitzea lortzen dugu, zentzumenak aktibatuz”, azaldu du Violeta Toran Basona proiektuaren arduradunak.
Naturarekin kontaktuan
Toranen ustez, oraindik ere badira baso bainuak zalantzaz ikusten dituztenak, “zuhaitzak besarkatzera mugatzen den jarduera arraro samar bat” dela uste dutelako. Horrela ere egin daitekeen arren, ez da hori, zehazki, beraien asmoa: “Helburua da usaimena, entzumena, ikusmena, ukimena eta gustua erabiltzea, inguruko natur ingurunea modu sakonagoan hautemateko”, dio.
Bi ordu inguruko saio horiek edozein naturgune egokitan egin daitezke. Aditu baten gidaritzapean, parte-hartzaileek basoan murgiltzeko aukera izaten dute, bertako soinu, usain eta koloreei arreta jarriz.
Hurrengo saioa larunbat honetan izango da (hilak 6), euskaraz, eta izen-emateak zabalik daude, dagoeneko, www.cristinaenea.eus webgunean.


