'Desagertutako Donostia', gehiengoaren Donostiaren errepaso historiko eta fotografikoa
Felix Luengo Teixidor eta Berta Etxeberria Arquero historialari donostiarrak, 'Desagertutako Donostia' liburuaren aurkezpenean.Beñat Parra Berta Etxeberria Arquero historialari donostiarrak Desagertutako Donostia liburua argitaratu du, Kutxa Fundazioaren eta Efados argitaletxearen eskutik. 1864tik 1936ra arteko Donostiako historia ez horren ezaguna jaso du, Kutxa Fundazioaren Fototekatik (Kutxateka) ateratako 176 argazkiren bidez. Autoreak asteazken arratsaldean aurkeztu zuen lana Tabakaleran, hitzaurrea idatzi duen Felix Luengo Teixidor historialari donostiarrekin batera.
Azaldu zutenez, 1864tik 1936ra arteko Donostiako historia kontatu du Etxeberriak liburuan, oso garai garrantzitsua delako egungo Donostia ulertzeko: harresiak bota ostean, gaur egunera iritsi den hiri eredua ezartzen hasi ziren 1864an eta, 1936an, estatu kolpe faxistarekin, gizartea frankismora eramango zuen gerra hasi zen. Jakina denez, XIX. mendeko bigarren erdialdean, Donostia uda pasatzeko hiri bihurtu zen Espainiako Estatuko aristokraziarentzat. Belle époque deituriko garaia zen, eta Luengok azaldu zuenez, goi klase horren presentziak eragin zuen, hein handi batean, egun garai hartako Donostiako horrenbeste argazki edukitzea.

XIX. mendeko azken hereneko argazkia. Askatasunaren hiribideko Hotel du Palaiseko langileak.Ricardo Martin/Kutxateka
Belle époque hori Donostiako urrezko aro gisa irudikatzen dute batzuek, baina Luengok ohartarazi zuen sarritan “nostalgia handiegiarekin” gogoratzen dela garai hori: “Aristokrazia zetorren, baina Donostian askoz jende gehiago bizi zen eta asko pobreak ziren. Inflazio izugarria zegoen garai hartan, gatazka sozialak… Gizartearen parte horrek, segur aski, ez luke nostalgiaz gogoratuko garai hori”.
Hain zuzen ere, beste Donostia horri erreparatzea da liburuaren helburua, Etxeberriak nabarmendu zuenez: “Iragana berriz bisitatzea, Easo Ederraren estereotipoetatik ihes eginez eta iruditeria kolektiboa zabalduz”. Hain zuzen ere, hiriko erdiguneko argazkiak eta informazioa daude, baina, bereziki, periferiako kale eta fabriketan jarri du fokua historialariak; aristokratak agertzen dira, baina, bereziki, langileetan eta herritar xumeetan jarri du fokua eta, gizon asko agertzen dira, noski, baina, bereziki, emakumeetan jarri du fokua. Funtsean, historiako desagertutako horietan guztietan, gehiengoaren Donostian.

Donostiako hiru herritar, segur aski lehenengo aldiz hondartza zapaltzen, hondartzarekiko zaletasuna zabaltzen joan zen garaian. Argazkia 1925eko abuztukoa da.Ricardo Martin/Kutxateka
Hiru atal
Hiru ataletan dago banatuta lana: Ibili, hiriko espazio fisikoan zentratuta eta paseo bat proposatuz; Oroitu, hiriko biztanle eta langileetan fokua jarrita eta Berriz bizi, bizitakoa berriz bizi eta gogoratzea xede duena.
Lehenengoan, postaleko Donostia horren irudiak daude —erdigunea, Kontxa eta abar—, baina, nagusiki, auzoetako eta fabriketako argazkiak daude, euren azalpenekin. Izan ere, gaur egun bezala, donostiar gehienak ez ziren turista aristokratak eta burgesak; langileak ziren. “Turismoak izugarrizko garrantzia zuen Donostiako ekonomian, baina ez soilik: 1900ean, donostiarren %40ak industrian egiten zuen lan, hau da, hirian fabrika asko zeuden”, nabarmendu zuen Luengok.
Eta, noski, hoteletan eta turistentzako jatetxe eta terraza ederretan zerbitzariak eta sukaldariak ari ziren jo eta su lanean. Hain zuzen ere, langileetan eta, oro har, herritarretan zentratzen da bigarren atala: “Turismoa ez da ulertzen hoteletako langileak gabe, ezta ostalaritza zerbitzaririk gabe eta moda jostunik gabe ere”, nabarmendu zuen Etxeberriak.
Azkenik, hirugarrenean, donostiarren bizipenak ditu hizpide autoreak: hondartza eta bertako ohiturak eta arauak, itsasoa eta arrauna, inauteriak eta festazaletasuna, elkarte herrikoiak, orduko udalaren politika kosmetikoak eta moral bikoitza, gatazka sozialak eta abar. Gatazka sozialen harira, datu esanguratsu bat eman zuen Luengok: “1915etik 1923ra, 50 greba egin zituzten Donostian, batzuk oso gatazkatsuak”. Hain zuzen ere, 1920ko bi greba ekarri zituen hizpidera: maiatzean egindako batean, Guardia Zibilak emakume bat eta gizon bat hil zituen hartan tiroz eta, abuztuan, zerbitzarien greba egin zuten Donostian, turismora bideratutako hirian horrek dakarrenarekin.
36ko gerrarekin amaitzen da liburua, ondoren frankismoaren 40 urte ilunak heldu baitziren, “baina hori beste istorio bat da”, Etxeberriak adierazi zuen moduan. Desagertutako Donostia-k, ordea, egungo hiria ulertzeko 176 argazki esanguratsu ditu, erakusten dutenak gauzak asko aldatu direla, baina, agian, funtsean, ez horrenbeste. Desagertu al zen inoiz langileen eta auzoen Donostia hori?

