Donostia ez da 2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izango
Hiru hiri finalisten ordezkariak.Donostia Sustapena Donostia bigarren izan da European Capital of Innovation Awards sarietan, Hiri Berritzaile Emergente gisa aitortua. Hortaz, ez da 2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izango. Torinon (Italia) aurrera eramaten ari diren Cities Innovate Summit eta Eurocities Economic Development Forumaren barruan ezagutarazi dutenez Danimarkako Aalborg hiria izan da aukeratua. Europako Batzordeak ematen ditu saria European Innovation Council kontseiluaren bitartez, eta izendapenak berrikuntza ekosistema inklusibo eta inpaktu handikoak aktibatzeko gai diren hiriak goraipatzen ditu. Ondorioz, Donostia, Europako erreferenteen artean kokatu du hiria berrikuntzari, zientzia aplikatuari eta lankidetza publiko-pribatuari dagokionez.
Europako Batzordeak Donostiako eredua goraipatu du zientzia, talentua eta herritarren partaidetza uztartzen dituelako, lurraldean inpaktu soziala duen berrikuntza bat bultzatzeko. Jon Insausti alkateak eta Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oiarbidek jaso dute saria. Alkatearen esanetan, aitortza horrek “berretsi egin du gure ereduak funtzionatzen duela: bateratuta aurrera doan hiri bat, eta urteetan egindako lanaren eta egindako apustuen fruitua jasotzea dakar; Donostia aurrera eramatea ahalbidetu duten apustuak, talentuaren eta zientziaren alde, eta berrikuntza donostiarren bizitza hobetzeko tresna gisa ulertuta. Donostia hiri oparoa da berrikuntzari esker, eta etorkizunera begira jarraitzen dugu, besteak beste, ordenagailu kuantikoa, protonterapia eraikina edo gure harribitxia den Miramongo parkea handitzeko proiektuak bezalako ekimenekin, ziurtasunak, segurtasuna eta bermea sortzen jarraitzeko, aukera berriak eta kalitatezko enplegu berria sortzeko”.
Hautagaitza
Urtero, Europako hiri aurreratuenek beren proposamenak aurkezten dituzte sari hauetara, aldaketa eraldatzaile baten alde herritarrak, enpresak, erakunde akademikoak eta administrazioak arrakastaz konektatzeko gai direla frogatzeko. Sariak bi kategoriatan banatzen dira: Berrikuntzaren Europako Hiriburua, 250.000 biztanletik gorako hiriei zuzendua, eta Europako Hiri Emergente eta Berritzailea, 50.000 eta 249.999 biztanle arteko hiriei zuzendua. Donostia Sustapenak bigarren kategoria horretan aurkeztu zuen hautagaitza ekainean, Connecting for Impact lelopean; hiriak duen zientzia, talentua, ekintzailetza eta herritarren partaidetza uztartzeko gaitasuna nabarmentzen zuen proposamen batekin. Jasotako guztien artean, sei semifinalista aukeratu ziren, Donostia tartean. Irailean, Donostia Sustapenak hautagaitza defendatu zuen, Europako Batzordeko adituen epaimahai baten aurrean.
Europako Batzordeak goraipatu du Donostian bikaintasun zientifikoa (biozientzien, konputazio kuantikoaren edo sistema adimentsuen moduko alorretakoa), kultura zibiko nabarmena eta eskala errealeko hiri berrikuntzako proiektuak elkartzen direla. Besteak beste, nazioarteko erreferentea den ikerketa eta ezagutza zentroen sarea; partaidetza eta lankidetza eredua; inpaktua duen berrikuntzarekiko konpromisoa; eta talentua sortu eta fidelizatzeko gaitasuna.
Oiarbidek adierazi duenez, “gure hiriak mugarri hau lortu izanak argi uzten du etxeko lanak behar bezala egiten ari garela zientziaren, berrikuntzaren eta hiri garapenaren hiria izateko. Ekosistema sendo bat eraiki dugu urteekin –lankidetza publiko-pribatuarekin, ikerketa zentroekin, ekintzaileekin eta udal politika konprometituekin–, eta orain ikusten ari gara horren emaitzak gure mugetatik haratago ere saritzen dituztela. Hori ez litzateke posible izango errealitate honetan lagundu duten pertsona guztien lana eta lankidetza gabe”.


