Donostian asteburua aprobetxatzeko hiru proposamen
The Fake Cousins blues hirukote donostiarra, Jazzaldiko kontzertu batean, Nautikoan.Donostia Kultura Astebururako plan bila al zabiltza Donostian? Gure agendan sartzen bazara, ikusiko duzu kultur eta aisialdi jarduera zabala dagoela hirian asteburu honetan ere, eta, gainera, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 5), Tabakalerako zinemara joatea da gure proposamena, izan ere, Klasikoak zikloaren barruan, Alfonso Ungriak 1985ean ondutako 100 metro eta Hamaseigarrenean aidanez filmak proiektatuko dituzte Tabakaleran. Sarrerak 4 euroan daude salgai.
Larunbatean (hilak 6), Antzoki Zaharrera gerturatzea da gure gomendioa, izan ere, Go!azen 12.0 kontzertua ikuskizuna eskainiko dute 17:00etan eta 19:00etan —igandean eta astelehenean ere egongo dira emanaldiak—. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 10-16 euroan.
Azkenik, igandean (hilak 7), Altxerri aretora joatea proposatzen dizuegu, The Fake Cousins blues hirukote donostiarraren kontzertuarekin asteburua ixteko. Paul San Martin pianistaren, Jon Aira gitarristaren eta Javier Shaf San Martin batera jotzailearen doinuekin, bluesaren estilo ugari maisuki jotzen ditu taldeak. Sarrerak han bertan daude eskuragarri, 5 euroan.
Bonus track. Astean zeharrerako plan bat ere nahi baduzue, hortxe proposamena: IRUTXULOKO HITZAk eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta, Bizirauten 2.0 bideopodcastaren bigarren saioa ikusi ahalko da Euskal Itsas Museoan. Joskintza izango dute hizpide oraingoan, Eider G. Garikano eta Ione Iruretagoiena elkarrizketatuekin. Andrea Bosch Alfaro kazetariak gidatuko du saioa. Sarrera doakoa izango da.
