«Euskarari eustera» deitu dituzte auzotarrak Txomiñenean
Euskararen Egunean, Txomiñeneko euskaltzaleen taldeak elkarretaratzea egin zuen euskarak bizi duen egoera salatu eta auzoko euskaltzaleak aktibatzeko asmoz. Lehenik, auzoaren sarreran dagoen biribilgunea ardatz hartuta, zenbait pankarta zabaldu zituzten. Bakoitzak lelo bana zuen: Euskara alarma egoeran, erdalduntze makina gelditu, Euskal pizkundea sortu, agintariek ardurak har ditzaten, Hizkuntza politikak aldatu, bide honek berea eman du eta Txomiñenean ere eutsi euskarari, antola gaitezen auzoko euskaltzaleok. Halaber, entzungai izan ziren sirenak eta musika, eta zenbait ke gorridun bengala ere piztu zituzten.
Ondoren, egoeraren irakurketa egin zuten zenbait kidek. Oldarraldi judizial eta politikoa “izozmendiaren punta besterik ez” dela nabarmendu zuten, egungo egoerara iristeko ibilbidea eta erabakiak gainbegiratu baitzituzten jarraian. “Etengabe saiatu dira euskaldunoi hizkuntza kendu eta gu asimilatzen”, “kontaezinak” dira euskararen aurka onartutako lege, arau eta erabakiak. Hizkuntza minorizatu egoerara heldu da “sufrimendu handien ondoen. Inork ez baitu bere hizkuntza albo batera uzten sufrimendurik gabe”.
Azken urteotan argitaratutako soziolinguistika lanek diote “kinka larrian” dagoela eta arnasguneak atzerakadan sartuta daudela eta hamar urtean arnasgunerik gabe gera daitekeela Euskal Herria. Hortaz, egoera aldatzeko beharraz ohartarazi zuten eta horretarako erabaki politiko “ausartak” eskatu zizkieten administrazioko arduradunei.“Egoera honetara ekarri gaituzten hizkuntza politikek aldaketa sakonak behar dituzte, zapalkuntza kulturala bizi duen euskaldunon komunitate honen eskubide linguistikoak bermatzeko lan egin behar dute agintariek”.
Euskal Pizkunde berri bat sortzeko Kontseiluak egindako deian parte hartzera animatu zituzten bertaratutakoak, baita hilaren 27an Bilboko ekitaldira joateko ere. Halaber, auzoko komunitate euskaldunari ere “euskarari eusteko” eskatu zieten. Euskaldunontzat bizigarria izango den auzo bat sortzeko ahaleginean parte hartzera gonbidatu zituzten eta Behin Batean taldearekin bat egitera.


