Israelgo erakundeak euskal ikerketa zentroen proiektuetatik kanporatzeko eskatu dute Biogipuzkoan
Researchers for Peace (R4P) ikertzaileen taldeak Donostian emandako prentsaurrekoa.R4P Reaserchers for Peace (R4P) taldea sortu dute Biogipuzkoa, Bioaraba, Biobizkaia eta Biosistemak zentroetako hainbat ikertzailek, eta prentsaurrekoa eman zuten asteazkenean Donostiako Biogipuzkoa zentroaren kanpoaldean, Israelgo erakundeak euskal ikerketa zentroen proiektuetatik kanporatzeko eskatzeko. “Osasun ikerketak ezin du neutral edo konplize jarraitu genozidioen eta osasun ikerketarekin eta osasunaren sustapenarekin bateraezinak diren politiken aurrean”, adierazi zuten, “ikerketa aske eta kritikoa” aldarrikatzearekin batera.
“Palestinako egoera larria ikusita, R4Pk ezinbestekotzat jotzen du Euskadiko Osasun Ikerketako Institutuek Israelgo erakundeekin dituzten lankidetzak kritikoki berrikustea, eta ikertzaileen, teknikarien eta kudeatzaileen kontzientzia-eragozpenerako eskubidea sustatu eta babestea”, nabarmendu zuten. Hain zuzen ere, aipaturiko zentroetako 200 ikertzailek babestu dituzte eskaera horiek, eta horren inguruko gutunak bidali dizkiete zentroetako zuzendaritzei.
Horrela, bi dira R4Pren eskakizun nagusiak: batetik, boikot instituzionala eta desinbertsioa eta, bestetik, langileei eta atxikitakoei kontzientzia eragozpenerako eskubidea aitortzea. Boikotaren eta desinbertsioaren harira, ikertzaileek nabarmendu zuten “Israelgo erakunde publiko eta pribatuak oraingo eta etorkizuneko ikerketa partzuergoetatik kanporatzea (nazioarteko legedia bete arte) edo, uko eginez gero, euskal ikerketa erakundeek partzuergo horietan duten partaidetza kentzea” nahi dutela: “Zehazki, Horizon Europe aurrekontuek finantzatutako hainbat proiektu daude gaur egun Israelen zuzeneko partaidetzarekin, eta horietan euskal erakundeek laguntzen dute”.
Bestalde, kontzientzia eragozpenaren inguruan, ezinbestekotzat jo zuten “eskubidea blindatzea, bereziki, eremu militarrarekin zerikusia duten erakundeen partaidetza egoeretan edo genozidioak edo gizateriaren aurkako krimenak eragiten dituzten egoeretan”: “Giza eskubideen nazioarteko estandarrek babesten dute eskubide hori, eta pentsamendu eta erlijio askatasunaren adierazpen gisa aitortzen dute, betiere erregulazio argi eta ez zigortzaileen pean”.


