Migratzaileen «kriminalizazio sistematikoa» eta «erakundeen utzikeria» gaitzetsi dute
300 bat lagunek bat parte hartu zuten manifestazioan.Joseba Parron San Sebastian Agustindarren eraikineko desalojoa salatzeko manifestazio egin dute iluntzean Inor ez kale egoeran lelopean, zortzi eragilek deituta. Euripean abiatu dira Bulbarretik 300 bat lagun, polizia ugari zegoela inguruan. Gogoratu behar da, Alderdi Ederren “segurtasunaren aldeko” elkarretaratzea egin dutela aurrez, eta hortaz, bi ekintzen partaideen artean istiluak saihesteko egon zitezkeen bertan.
Kalez kale ibili ondoren, idatzi bateratuan azaldu dutenez, etxegabetzea 09:30erako aurreikusia bazegoen ere, udaltzainak eta ertzainak bart bertaratu ziren “jendea bota eta ateak apurtzera”. Bide beretik, salatu dute polizia operazioa “neurrigabea” eta diru publikoaren “alferrikako” gastua izan dela: “hiru polizia mota, negoziatzeko inolako borondaterik ez, bultzadak, identifikazioak, hainbat atxiloketa eta kanporatze aginduen tramitazioak”. Desalojoa, “migratzaileen kriminalizazio sistematikoaren” eta erakundeen “utzikeriaren” erakusgarri dela uste dute.
Baliabide gehiagoren beharra
Gizarte mugimenduek egindako presioari esker udalak La Sirena aterpetxea ireki die 50 lagunei, 21:00etatik 08:00ak arte, beste asko, ordea, kalean geratu dira. Are gehiago, batzuei azken unean jakinarazi diete La Sirenara joan zitezkeela, beren objektu pertsonalak eramateko aukerarik eman gabe eta hara oinez joanda. Deitzaileek argitu dutenez, ez dakite zein den hori erabakitzeko baliatutako irizpidea, ezta epe ertain-luzerako planak zeintzuk diren; baina gezurtatu egin dituzte alkateak azken egunetan egindako adierazpenak. “Ez da egia: atzora arte ez zen inolako neurririk hartu. Ez da kontaktu pertsonalizaturik izan, eta ez zaio gizarteratzeko ibilbiderik eskaini inori”; eta uste dute “gezur horiek ‘txintxoak’ eta ‘maltzurrak’ bereizteko erabiltzea oso arduragabea da bere aldetik”.
Aterpetxea irekitzeak argi utzi du “erakundeek zerbait egin nahi dutenean egin dezaketela”. Hala, konponbidea eskatu dute kalean bizi diren guztientzat, 500 lagun baino gehiago; gogoratuz ez direla “zenbaki soil bat: izen-abizenak dituzten pertsonak, baizik. Bakoitzak bere historia du, Donostian eta Gipuzkoan bere bizi eta etorkizun proiektuak aurrera eraman ahal izateko itxaropena”. Arazo larri horri erantzutera baliabide gehiago bideratzeko galdegin diote udalari. “Azken urteotan eskaria hamar aldiz biderkatu bada, aurrekontu sozialak maila horretan egon behar du”.
Neurri sozial eraginkorrez gain, marjinaltasun egoerak betikotzen dituzten politikak aldatzea ere ezinbestekotzat jo dute, besteak beste, atzerritarren eta etxebizitza legedia, kalean bizi diren migratzaileek ere oinarrizko eskubideak izan ditzaten. Zentzu horretan, “magrebtarrek Donostian pairatzen duten gorrotoa eta deshumanizazioa ideia atzerakoien eta arrazakeriaren gorakadaren adierazle beldurgarria” direla uste dute.




