Nosferatu Bildumaren liburu berria aurkeztu dute Tabakaleran
'Dena egiteke dago, zinema tirokatu' liburu kolektibo berria aurkeztu dute.Donostia Kultura Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektibo berria aurkeztu zuten atzo, hilak 3, Tabakaleran. Argitalpena Nosferatu Bildumaren XIII. zenbakia da, eta 2025ean zehar Tabakaleran garatzen ari den Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak zikloarekin lotuta dago. Zikloa hilaren 17an amaituko da, Lucrecia Martelen La niña santa (2004) proiekzioarekin.
Liburua Iratxe Fresnedak koordinatu du, eta berarekin batera idatzi dute Tania Arriaga Azkaratek, Aitor Arruzak, Maitane Hernandez Eyheramonhok, Gentzane Martinez de Osabak, Olatz Ovejero Alfonsok eta Elisa Villota Sadabak. Liburuaren azaleko ilustrazioa eta maketazioa, aldiz, Mercedes Garciaren (Ytantos) lana dira.
Argitalpenak fenomeno zinematografikoa aztertzen duten hainbat ikuspegi jasotzen ditu, hiru ardatz nagusitan banatuta: sorkuntza, errepresentazioa eta bide berriak. Egileek gogorarazi dute emakumeek eta bestelako taldeek aspaldidanik eraiki dutela beren ikuspegi propioa zineman, eta aztertzen diren filmek ez dute soilik ohiko narratibatik ihes egiten; garaiko gizartearen kontakizun nagusitik ere urruntzen dira.


