Euskarazko kultura digitala, erdigunean: XAREk 542 gazte bilduko ditu Donostian
XARE egitasmoaren siegarren edizioa hartuko du Donostiak.Xare XARE Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak seigarren urtez egingo dituzte Donostian, abenduaren 9an eta 10ean, EHUren Gipuzkoako Campusean. Guztira, 10 ikastetxetako 542 gaztek parte hartuko dute, goizero 08:45etik 13:45era Carlos Santamaria eta Ignacio M. Barriola zentroetan egingo diren jardueretan.
Egitasmoaren helburua da gazteei euskarazko baliabide digitalak hurbiltzea eta erabiltzaile izatetik sortzaile bihurtzen laguntzea, euskarazko ekosistema digitala aberastuz eta pentsamendu kritikoa sustatuz.
Tailerrak eta askoz gehiago
Bi egunetan zehar musika autoekoizpena, robotika, bideo jokoak, errealitate birtuala, 3D inprimaketa, aplikazioak sortzea edo adimen artifiziala landuko dira, besteak beste. Aurten, gainera, Zainduz Saretu ihes-jokoa egingo dute, estreinakoz: sare sozialetako egoera errealak aztertzeko erronka interaktiboak eskainiko dizkie gazteei, QR bidezko pistak eta talde lana uztartuz.
Egitarauan tokia izango dute, baita ere, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partidek, zozketek eta Sara Zozaya musikariaren kontzertu akustikoak ere.
Harrera instituzionala
Hilaren 10ean egingo dute harrera instituzionala, 09:00etan, Ignacio Mª Barriola auditorioan, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta EHUko ordezkarien parte-hartzearekin. Ondoren, XAREko lantaldeak bisita gidatua eskainiko die agintariei eta hedabideei.


