«Gorabeheraz beteriko hamar urte izan dira, eta urteurrena ospatu behar da»
Hamargarren urteurrena ospatzen ari da Otsemeak taldea, Bera Berako emakumeen errugbi taldea. Urteurrenaren bueltan, Leire Bayon jokalari ohi eta zuzendaritzako kidearekin (Amara Berri, 1993), Monika Aizpitarte taldearen sortzaile eta egungo jokalariarekin (Antigua, 1995) eta Aitana Lazkano jokalariarekin (Lasarte-Oria, 2009) hitz egin IRUTXULOKO HITZAk
Aitana Lazkano, Monika Aizpitarte eta Leire Bayon, Bera Berako Otsemeak emakumeen errugbi taldeko kideak.Beñat Parra tana Has gaitezen taldearen izenetik. Zergatik Otsemeak?
Monika Aizpitarte (M.A.): Errugbian asko egiten den zerbait da taldeei animalien izenak jartzearena. Taldea sortu genuenean, horri mila buelta eman genizkion, eta Otsokumeak izenarekin hasi ginen. Baina urte batzuk pasatu zirenean, Otsemeak izena hartzea erabaki genuen.
Leire Bayon (L.B.): Esango nuke izena aldatu genuela lehenengo aldiz igoera fase bat jokatu ostean.
M.A.: Baina ez pentsa partiden aurretik ulurik egiten dugunik e! Hori soilik Tiktokerako egiten dugu, batzuetan.
Noiztik jokatzen duzue errugbian?
Aitana Lazkano (A.L.): Ni 8 urterekin hasi nintzen, eta beti Bera Beran egon naiz.
M.A.: Adin hori da errugbian jokatzeko gutxieneko adina, baina kategoria horietan taldeak mistoak dira, nahiz eta oso neska gutxi egon ohi diren. Hain zuzen ere, ni ere 8 bat urterekin hasi nintzen errugbi eskolara etortzen, ahizparekin eta bere lagun batzuekin. Baina ez zegoen nesken talderik eta horrek txarrerako eragin zidan, gainontzeko neskek etortzeari utzi ziotenean mutilekin gelditu nintzelako, eta adin jakin batean neska bakarra izatea… azkenean, nik ere utzi egin nuen. Gerora, 21-22 urte nituela, erabaki genuen nesken errugbi taldea sortzea, eta orduan itzuli nintzen. Aita eta biok aritu ginen klubarekin hitz egiten hainbat urtez, emakumeen talde bat sortzeko. Azkenean, lortu genuen.
L.B.: Nik taldea sortzen ari zirenaren inguruko iragarki bat ikusi nuen Facebooken eta bilera batera etorri nintzen, 23 urte nituela.
Zein izan da taldearen eboluzioa urteotan?
M.A.: Lehenengo urtean, uste genuen ez ginela lehiatzera ere iritsiko; pixkanaka, ordea, gogoarekin eta entrenatzaileen laguntzarekin, taldea sendotzen joan ginen. Jende asko etorri eta joan zaigu urteotan, baina gure maila igotzen eta igotzen joan ginen lehenengo urteetan, euskal liga irabazi eta igoera fasea jokatzeraino.
L.B.: Arazoak eduki ditugu urteotan egonkortasun faltarekin, jende asko etorri eta joan delako. Hain zuzen ere, pasatu ginen igoera fase bat jokatzetik Ordizia klubarekin bat egin behar izatera, ez geneukalako jende nahikoa taldea osatzeko. Dagoeneko ez gaude Ordiziarekin elkartuta, baina duela urte batzuk pauso hori eman behar izan genuen.
M.A.: Oso ohikoa da kluben artean elkartzea, lehenengo urteetan Iruñeko talde batekin ere elkartu ginen. Onena izango litzateke klub bakoitzak emakumezkoen taldea edukitzea, baina jendea falta izaten denez, beste klub batekin elkartzen zara, etorkizunean bi talde atera ahal izateko itxaropenarekin. Baina gero, praktikan, hori ez da inoiz gertatzen. Kluben inplikazio faltagatik ere emakumezkoen hainbat talde desagertu izan dira. Gure klubean, behintzat, pertsona batzuk bai egon dira inplikatuta.
«Emakumeen kirola ez da inoiz soilik kirola, %60 kirola da eta %40 militantzia»
Otsemeak da Donostiako emakumezkoen lehenengo errugbi taldea?
L.B.: Aurretik, Bera Beran emakumezkoen talde bat egon zen, eta Donostiako Atletikon ere bai.
M.A.: Orain, hamargarren urteurrenaren harira, saiatu gara lehenengo talde haietako jokalariekin harremanetan jartzen, baina ez dugu lortu, ez dagoelako beraien inguruko daturik. Horrek erakusten du zein izan da nesken errugbiak federazioan izan duen garrantzia, ez baitaukate ezer gordeta.
Nola ari zarete ospatzen hamargarren urteurrena?
L.B.: Abenduaren 20an festa moduko bat egingo dugu, taldetik pasatu diren pertsona guztiak biltzeko: jokalariak, delegatuak eta abar. Ondoren, udaberrirako edo uda hasierarako txapelketaren bat antolatu nahi dugu, beste klub batzuekin. Gorabeheraz beteriko hamar urte izan dira, eta urteurrena ospatu behar da.
Aurtengo denboraldia zer moduz doa?
M.A.: Lehen aipatutako arazoa eduki dugu aurten ere: jokalari berri askorekin hasi dugu denboraldia, eta, berriz ere, taldea egitea da aurtengo helburua. Hamar urte daramatzagun jokalari gutxi batzuk gaude, eta asko, Aitana bezala, beheko kategorietatik igo berri direnak eta elkar ezagutzen ez dutenak dira.
A.L.: Entrenamenduak behar ditugu. Hala ere, neska gazteontzat, Donostian emakumezkoen talde bat egoteak asko errazten ditu gauzak.
Hain zuzen ere, Leire, Aitanaren entrenatzailea izan zinen.
L.B.: Hor ere apustua egin genuen, emakumeak sartzen joateko entrenatzaileen munduan, gero eta neska gehiago hasteko errugbi eskolan. Azkenean, beti gizonek erakutsi izan digute errugbian, eta garrantzitsua da eskolatik datozen neskek emakumezko erreferenteak edukitzea.
M.A.: Apustu hori egin genuenetik, gero eta neska gehiago hasten dira txikitan errugbian. Aitana hasi zenean, oraindik, segur aski, neska bakarra edo bakarrenetarikoa izango zen, baina nik orain hamar urtetik beherakoen talde bat entrenatzen dut eta seina mutil eta neska ditut; sekulako aldaketa da, urte gutxitan.
Nabaritu duzue urteotan nesken errugbiaren maila igotzen joan dela?
L.B.: Alde handia dago 8 urtetatik errugbian jokatzen duen pertsona baten —Aitanaren kasua da— edo 16 urteko pertsona bat etortzea, inoiz errugbiko baloi arraro hori ikusi ez duena.
Zein da etorkizunerako helburua?
M.A.: Hazten jarraitzea, sendotzea eta belaunaldi erreleboa eman ahal izatea. Gure asmoa beti izan da gu joatean beste neska batzuek hartzea taldea, orain errugbi eskolan dabiltzan horiek.
L.B.: Borroka batzuk amaitzea ere bada helburu bat. Azkenean, emakumeen kirola ez da inoiz soilik kirola, %60 kirola da eta %40 militantzia. Iritsi behar dugu puntu batera, non kirolean gehiago zentratzeko aukera izango dugun. Horretarako, lekua hartu behar dugu eta leku hori errespetatua izan behar da.
M.A.: Hala da, bai. Eta esan behar da gure kasuan jende asko eduki dugula inguruan laguntzen: gurasoak, lagunak, klubeko hainbat pertsona… Horrek guztiak indarra ematen dizu jarraitzeko eta proiektu bati zentzua ikusteko.



