Itsas haizeak ekarritako proposamenek Durangon izango dute helmuga gaurtik aurrera
Bele, Nøgen, Sara Zozaya, Agoteak edota Harkaitz Cano idazle eta musikari donostiarrek kaleratutako lanak izango dira Landako guneko erakusmahaietan eta Ahotseneako oholtza gainean.
Durangoko Azokako artxiboko irudia.Durangoko Azoka Gaur bertan irekiko ditu ateak Durangoko Azokak. 60. urteurrena du eta data borobil baten ospakizunean zentratu beharrean, urte hauetan guztietan garatutako ibilbidean jarriko du arreta Gerediaga Elkarteak.
Berrikuntzen artean, batetik, azkenaldian urtero asmatu den leloaren dinamika eraldatu eta, hemendik aurrera, geratzeko etorri den lerroburu berri bat sortu dute: Kulturaren Jaialdia. «Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia da, adierazpide artistiko asko batzen dituelako, euskarazko eta tokiko sorkuntza, artistak eta zaleak protagonista harturik», adierazi zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, aurkezpenean.
Bestalde, bi gune berri izango dira: Berbagailua podcasten plaza eta Atartea arte ederren plaza. Gaueko ikuskizunak ere itzuliko dira eta 1.000tik gora nobedade izango dira aurtengo edizioan. Horien artean, noski, Donostiako musikari eta idazle askorenak.
Musikari dagokionez, abaniko zabala aurkeztuko dute donostiarrek erakusmahaietan eta baita Ahotseneako oholtza gainean ere.
Sara Zozayaren eta Alejo Orbegozoren arteko baturak sortu du ‘attä’, elektroniko ultra intimista ariketa
Uda ostean, disko berria kaleratzen goiztiarrenetako bat akaso, Iker Lauroba izan da. Antiguatarrak urriaren 12a, bere urtebetetze eguna, aukeratu zuen zazpigarren lana aurkezteko. «Bosgarren solairutik» sortutako lana dela dio musikariak eta hortik datorkio izena diskoari: Bosgarren solairutik. Honetan, bizitzari beste perspektiba batetik abesten zaiola adierazi du, «goragotik, ikuspegi zabalagoa duzu; argiago ikusten dira gauza batzuk, baina urrunago besteak». Gertatu denari eta bizitza aurrerantzean izan daitekeenari buruz kantatzen du Laurobak lanak jasotzen dituen hamar kantuetan.
Juantxo Arakama rap abeslaria dago Monsieur leCrêpe goitizenaren atzean. Tolosarra den arren, Donostian bizi da gaur egun eta Venta Aundi da bere bakarkako lehen diskoa. Lau abestik eta bi skit-ek osatzen duten hemeretzi minutuko EP bat da. 2024an kaleratutako MLC abestian proposatzen duenari eman nahi izan dio jarraipena, forma zein eduki aldetik.
Lide Hernando Fermin Muguruzarekin egindako biran ikusi izan dugu azken hilabete hauetan; hori, baina, ez da Bele proiektuarekin bigarren disko bat argitaratzeko oztoporik izan, eta Muturrez zerura izeneko albuma eramango du Landako gunera. Musikariak azaldu duenez, «1980ko hamarkadako gau ero bat eta horren osteko etxerako buelta melankolikoa da». Belek musika beltzarekiko duen interesa eta maitasuna arakatzen jarraitu nahi izan du, eta 80co disko, funk eta dance elektronikoetara bidaia egin du oraingoan.
Sara Zozayak, bere aldetik, laugarren lana argitaratu du attä izenpean. Oraingoan, Ke Lepo izenez ezaguna den Alejo Orbegozo izan du alboan. Bien arteko baturak sortu du attä, elektroniko ultra intimista ariketa.
Musika taldeei dagokienez, Nøgenek Galdu baino lehen EP berria eman du argitara bere hamargarren urteurrenean. Donostiarrek euren ibilbidean presente egon diren abestiak berreskuratu dituzte; doinuak mantendu eta euskarara ekarri dituzte, hauek ahanzturan «galdu baino lehen».
Harkaitz Cano idazleak bi eleberri argitaratu ditu ‘Silueta’ izenburua daraman liburu berrian: idatzitakoa bata, existitzen ez dena bestea
Hamar urteko ibilbidea egin duen talde batetik, hasi berri den beste batera egingo dugu jauzia: Agoteak. Iker Beñaran Beñaranks, Lander Ilarraz Ilarbass, Ivan Moreira MoreiReggae, Aitor Etxeberria Dubrktor, Jorge Ortega Iortx, Iker Gaskon Selektah eta Unai Fontan musikariek osatzen dute reggae talde hau. Euskaraz abesten dute, gizartean gertatzen diren kontuez eta aldaketaren beharraz. Zazpikotearen berezitasuna da 1970eko eta 1980ko hamarkadetako roots reggaea eredu hartuta egiten duten haren berrinterpretazioa, baita sentimenduez, gizarte honetako gaitzez eta hura aldatzeko mezuez diharduten euskarazko hitzak ere.
Azkenik, Antton Valverderen Antologia dugu: 35 kantuko bilduma. Lan honek Valverdek 1969. urtean lehen disko singlea argitaratu zuenetik gaurdaino jorratutako ibilbide emankorraren erakusgarri izan nahi du, egindakoaren errekonozimendu gisa, batetik, eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu izan dadin.
‘Azken afaria’ komikia
Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek Azken afaria komikia aurkeztu dute. Bertsolari aldizkariaren neguko alea da eta 140. zenbakia. Egileek elkarrekin osatu duten bigarrena da, 2021ean argitaratu zuten Bidea da borroka komikiaren jarraipena. Lanak lagun on izandakoen arteko afari bat kontatzen du. Bizitzak leku desberdinetatik eraman ditu, nork bere norabidea hartu du, nork bere traizioak egin dizkio gaztetan irudikatu zuen bizitza ideal horri. Mahaiaren bueltan jarri eta horri buruz arituko dira.
Itzulpenen alorrean, Aiora Enparantzak Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza ekarri du euskarara, Katakrak argitaletxearen eskutik. Mariarosa Dalla Costa eta Selma James ekintzaile eta teoriko feministen artikuluak biltzen dituen liburukia da, 1970eko hamarkadaren hasieran idatzia, Italia eta AEBen artean.
Nobelagintzara salto eginez, Harkaitz Cano idazleak bi eleberri argitaratu ditu Silueta izenburua daraman liburu berrian: idatzitakoa bata, existitzen ez dena bestea. Egileak irakurlea sormenaren parte bihurtzeko egin duen ahalegina da Susa argitaletxearekin kaleratu duena. «Silueta hutsune baten inguruan eraikitako nobela bat da. Ez da nobelarik existitzen, baina nobela horren inguruan idatzitako 31 iruzkin jasotzen ditu liburuak eta kritika horietatik abiatuta eta iruzkingile bakoitzak egindako spoiler txikiaren edo kontatzen dituen gauzen arabera, irakurleak izango du balizko nobela horren ideia moduko bat», azaldu du egileak.


