Lore sorta bat aitari
Filma: Flores para Antonio.
Zuzendaria: Elena Molina, Isaki Lacuesta.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Espainia.
Edozein adierazpen artistiko bezala, emozioen katalizatzaile aproposa da zinema. Zer esanik ez dolu prozesu batean, non, galerak, hutsunea eta mina prozesatzeko heldulekua eskaintzeaz gain, subjektuak oroitzeko tresna ere bilaka daitekeen. Hain zuzen ere, ezaugarri horien guztien batura da Flores Para Antonio dokumentala: aita zuenaren bizipen eta hautuak arakatuz, sistemak adikziora bultzatu zuen belaunaldi oso bat ulertzeko eta duintzeko saiakera.
Proiektuaren bultzatzaile nagusia denak erabaki du, oraingoan, bere bizitzaren arlo intimoena ez duela etxean gordeko. Isaki Lacuestak eta Elena Molinak zuzendutako filmak dolua, oroimena eta galdera deseroso bat nahasten dituen –eta urteetan saihestu duen– bidaia bat suposatu du harentzat: nola sakondu, moraltasunean edo tabuan erori gabe, beretarrak gehien traumatizatu zituen pasartean.
Armairu ugaritik –emakume, bollera, ijito…– atera izanagatik, bazuen oraindik apurtu beharreko estigma bat: isiltasunarena. Bada, egin duen ariketa eskuzabala aitortu besterik ez zaigu gelditzen, aktoreak ez baitu ezer gorde: «Mugarri izan da nire bizitzan. Sekula ez dut hain gauza garrantzitsurik egin neure buruarentzat eta nire familiarentzat», azaldu du.
Hala, beldur eta konplexuak atzean utzita ekin zion bideari, eta emaitza ederra eman du bilaketak: familia dolu baten disekzioa, unibertsala izateko bokazioarekin jaio zena. Izan ere, denok gordetzen ditugu gure baitan isiluneak, gainditu gabeko irakasgaiak, min ematen duten absentziak…
Filmak Antonio Floresen, izarraren, bizitza berreraikitzen du, baina baita Antonio Gonzalez zauritu baten argi-itzalak ere. Argitaratu gabeko materialek —etxeko bideoak, argazkiak, marrazkiak, abestiak— eta inguruan izan zituen horien memoria koralak marrazten dute bidea. Hala, errenkan agertuko zaizkigu bere bikote izandako Ana Villa, Lolita eta Rosario arreba banaezinak eta Joaquin Sabina, Ariel Rot, Antonio Carmona edo Silvia Perez Cruz gisako artistak. Guztiek musikariaren erretratu osatuagoa osatzen dute, 1990eko hamarkadan izoztuta geratu zen mito hartatik harago, eta horretan sakondu ahala, Albak guztiona izan den kontakizuna bereganatuko du, azkenean.


