«Peryferyka Studio gure sen artistikoa esploratzeko leku bat da»
Ariana Nespereirak (Arrasate, 2008), Dani Nespereirak (Arrasate, 2006) eta Zihara Etxeberriak (Aretxabaleta, 2006) osatzen dute Peryferyka Studio. Sormenerako espazio bat da proiektua, eta Donostian ondu dute beren azken lana: 'Hiri Honen Doinua'.
Ariana eta Dani Nespereira eta Zihara Etxeberria, hurrenez hurren.Ainara Jimenez Peryferyka Studioko hiru kideek profil desberdinak dituzue. Nola uztartzen dituzue horiek guztiak proiektu bakarrean?
Hain profil desberdinak dituen lantalde bat edukitzea ona da, bakoitzak zerbait desberdina ematen diolako. Dani Madrilen dago eszenografia ikasten, eta Peryferykan bere zeregina zuzendaritza artistikoa izaten da; kamera atzeko lana, estetika… ekoizten ditugun film labur guztietan. Aldiz, Arianak eta nik, ibilbide hau antzerki eskolan hasi genuen; hor ezagutu genuen elkar, eta kamera aurreko lana da gurea. Aktoreak izateko bidean gaude. Orain dibertsifikatu gara, eta beste lan batzuk ere egiten ditugu. Peryferykarekin aitzakia daukagu beste alor batzuk deskubritzeko. Gidoia gurea da, estetika Danirena, casting prozesuaz gu arduratu ginen… ondo dago profil desberdinak edukitzea, elkarlanean sortzen direlako proiektuak.
Zertan datza proiektua?
Hasieran, film labur bat ekoizteko elkartu ginen, Arianak eta biok antzezteko gogo handia geneukalako. Ni gidoi bat idazten hasi nintzen, eta Arianak ere bazeuzkan pare bat ideia. Bere ideia izan zen bere anaia Daniri laguntza eskatzea; hala, egun batean elkartu ginen, eta oso erraza izan zen dena.
Lehen proiektua film labur bat izan zen, oso baliabide gutxirekin egindakoa. Gero beste bat. Orduan erabaki genuen proiektuari izen bat jartzea, eta hor sortu zen Peryferyka ekoiztetxea. Orain, Peryferyka Studio deitzen diogu, izen horrek hobeto laburbiltzen duelako egiten dugun guztia. Sortzeko aitzakia moduan definitzen dugu, Peryferyka izenaren barruan film laburrak ekoiztu daitezkelako, baina baita podcastak ere (badaukagu bat, Euskal Herriko artistak elkarrizketatzen ditugu bertan), eta badaukagu aurrerantzean beste proiektu batzuetara zabaltzeko gogoa.
Zinemaldiko Sebastiane Sariarekin elkarlanean ere aritu gara aurten, komunikazio alorrean. Beste jaialdi batzuekin ere egon gara elkarlanean. Gure sen artistikoa esploratzeko leku bat da.
Larramendi film laburra da gure proiekturik esanguratsuena. Benito Ansola saria irabazi genuen, Euskal Zinebileran eta Aretxabaletako UE Zinema jaialdian ere ikasle sailean izendatu gintuzten. Hiri Honen Doinua da hurrengoa.
«Egunerokoan ikusten dituzun Donostiako
txokoak ikusten dituzu, eta pentsatzen duzu:
‘honek film bat merezi du’»
Donostia da ‘Hiri Honen Doinua’-ren eszenatokia.
Hala da, bai. Ainhoa eta Nerea (Ariana eta biok) Donostiara datoz egunpasa, eta soinu grabagailu baten bueltan gertatzen da dena. Grabagailu horrekin hiriaren esentzia jaso nahi du Ainhoak, soinuengatik eta soinu horiek beregan sortzen dutenagatik. Grabagailua presente dago une oro, eta dena metafora bat da: beraiek sentitzen duten guztia hirian islatzen da, eta hiriak soinu horren bitartez esan nahi duenaren inguruan hausnartzen dute beraiek. Horrez gain, bi neska hauen arteko harremana ere ikusten da. Lagunak dira ala zerbait gehiago dago? Bederatzi minututan hau guztia; bederatzi minutu nahikoak dira dena kontatzeko.
Maitasun istorio bat da, baina ez soilik bi protagonisten artekoa, baizik eta oso erromantikoa delako estetika aldetik ere. Gainera, Luken Urruzmendi, Lier Alava eta Alex Etxegibel aktoreak ere agertzen dira filmean. Dantzariak daude, abeslariak… diziplina asko ukitu ditugu. Iazko udan grabatu genuen, eta filmaketa egun asko izan ziren Donostian. Orain arteko gure ekoizpenik handiena da.
Eta zein doinu du Donostiak?
Unean uneko norberak bere barnean duen doinu bera, hori hirian islatzen delako. Ainhoaren ikuspuntutik, itxaropen kutsu bat du, edertasuna. Esentzia hori Donostian dago. Erromantizatzen duzu ala etsaitasun bat sentitzen duzu, barnean duzunaren arabera.
Zer transmititu nahi duzue film labur honekin?
Oso bibrazio gazteak dauzka, talde tekniko osoa ere gaztea delako, eta hori transmititu nahi dugu; uda bukaerako egun bat da, alaia, amodiozko istorio bat. Polita da, erromantikoa. Soinuaren presentzia eta estetika oso garrantzitsuak dira filmean. Gaurkotasuna da, freskotasuna. Hiriak berak badauka hori estetikoki, sekuentzia bakoitza hiriko toki oso zehatz batean dago grabatua. Donostia nahita aukeratu genuen ni hemen bizi naizelako, eta egunero ikusten dituzun tokiak ikusterakoan pentsatzen duzu: «honek film bat merezi du».
Oso harro gaude sortu dugun taldearekin. Hau izan da gure benetako lehen talde handia, eta harreman oso polita sortu dugu gure artean. Asko ikasi dugu eta erronka handi bat izan da. Harro gaude gure lanarekin. Gu ez bagaude, nor egongo da?
Noiz ikusiko du argia?
Hainbat jaialditara aurkeztu dugu eta, lehenengo, haien erantzuna jaso nahi dugu. Beste batzuetan, proiektua egin eta zuzenean Youtubera igo dugu, eta honek bestelako ibilbide bat izango du. Jaialdietako prozesu horien ondoren, agian, estreinaldi bat egin genezaken. Produktu formalago bat da, beste seriotasun batekin.
Eta aurrerantzean, zer dator?
Dokumental estiloko bideocollage bat egin nahi dugu; ez da izango film labur bat, edo podcast bat. Filosofia oso bat izango da, sortzaile desberdinekin elkarlanean egingo duguna. Ikus entzunezko proiektu bat da, baina horrek dauzkan aldaera guztiekin.



