Tanger tabernako errotulua «kontserbatzeko» eskatu du Ancorak
Tanger tabernako errotulua.Ancora Erdialdeko Tanger taberna historikoa itxita dago joan den urteko irailetik, eta bertan Arabay Coffee enpresaren frankizia bat irekiko dutela argitaratu berri da. Horren harira, Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak eskatu du errotulua “kontserbatzeko”: “Errotulua gordetzea keinu erraza, baina esanguratsua izango litzateke: jarduera hasteko modu bat, donostiarren belaunaldi askorentzako leku enblematiko baten nortasuna errespetatuz”.
Ancorak gogorarazi du 75 urteko ibilbidea egin zuela Tanger tabernak: “1949ko uztailaren 2an inauguratua, Tanger Zinemaldiko herritar, bisitari eta jendearentzako topagunea izan zen hainbat hamarkadatan. Bere jatorrizko errotulua, tipografia bereizgarriarekin eta XX. mendearen erdialdeko estetika propioarekin, oraindik ere establezimenduan jarraitzen duten lekukotasun material bakanetakoa da, eta, zalantzarik gabe, sinbolikoena. Arabay Coffee negozio berria laster irekiko denez, azken aztarna horren desagerpenaren beldur gara”.
Elkartekoek gaineratu dutenez, “udal babesik ez edukitzeak” eragin du dagoeneko “tabernaren barrualdea, barra eta jatorrizko dekorazioa” galtzea, “kanpoko arotzeria eta errotulua kenduta”. “Ancorak Arabay Coffee animatzen du bere ibilbidea Donostian hastera, bertako historiarekin bat eginez, eta ez ezabatuz Tanger Bar errotulua; donostiar askok biziki eskertuko luketen keinua”.


