Jaiotzen ibilbidea jarri dute laugarrenez Amara Berrin
Amara Berriko Kaixo dendako arduraduna, bertan jarritako jaiotzarekin.San Sebastian Shops Laugarren aldiz, jaiotzen ibilbidea antolatu dute Amara Berrin San Sebastian Shops Donostiako merkataritzaren plataformak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Gipuzkoako Jaiotzazaleen Elkarteak. Hain zuzen ere, Arcco merkataritza zentroaren eta auzo elkartearen laguntzarekin, Amara Berriko hogei saltokitan banatu dituzte jaiotzak, horien erakusleihoetan jarriz eta “galdu ezin den Gabonetako ibilbide bat” sortuz, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Antso Jakitunaren etorbidean hasten da ibilbidea eta Karlos I.aren etorbidean amaitu, besteak beste, Isabel II.aren hiribidetik, Katalina Erauso kaletik eta Madrilgo etorbidetik igaroz. “Beste behin, Arcco eszenaratze berezi batekin nabarmenduko da Belen herriko bizitza neurri handiko espazio batean birsortuz. Zalantzarik gabe argazki gehien jasoko dituen puntuetako bat bihurtuko da”, gaineratu dute antolatzaileek.
Ibilbidea atzo (hilak 5) inauguratu zuten eta urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai. Parte hartzen duten saltokiek jaiotza bakoitza identifikatzen duen kartel bat dute, haren historiari eta ezaugarriei buruzko informazioa ematen duena, eta ibilbide osoa osatzeko mapa bat.


