Venezuelaren aurkako erasoak salatu dituzte Donostian
Prozesu bolivartarra babesteko eta inperialismoa salatzeko elkarretaratzea, Bulebarrean.Askapena Askapena erakunde internazionalistak deituta, 50 bat lagun elkarretaratu ziren ostiral iluntzean Donostiako Bulebarrean, Inperialismoaren aurrean, prozesu bolivartarra tinko! lelopean, AEBetatik Venezuelaren aurka egiten ari diren erasoak salatzeko. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidentea buru, gero eta handiagoa da Venezuelaren eta, zehatzago, Nicolas Maduro presidentearen chavismoaren aurkako oldarraldia.
Askapenako kideek gogorarazi zuten AEBek jarrera oldarkorra izan dutela Venezuelarekiko Hugo Chavezek (1954-2013) 1999an presidente kargua hartu zuenetik: “Historikoki kolonizatuak eta zanpatuak izan diren herriak etorkizun burujaberako artikulatzen saiatzeagatik, herri venezuelarraren esplotazioaz aberasten zen bertoko oligarkiaren botereari aurre egiteagatik, munduko beste herrietarako eredu askatzaile bat izateagatik eta Venezuelako petrolioa eta baliabide naturalak garapen propiorako kudeatu nahi izateagatik, chavismoak mota guztietako erasoak pairatu ditu. Bi hamarkadetan zehar prozesu bolivartarra suntsitzeko saiakerak zenbatezinak dira: estatu kolpea, presidenteen hilketa saiakerak, kanpotik elikatutako indar armatuen barruko militarren matxinada saiakerak, talde paramilitarrak Venezuelan sartzea, azpiegituren kontrako sabotajeak, guarimba-k eta indarkeria kaleetan, migrazioa era interesatuan bultzatzea, gerra finantzarioa, pertsonen eta enpresen kontrako zigorrak, herritarrei zuzendutako gerra psikologiko eta kognitiboa edota kapitalaren zerbitzupeko desinformazio medioetatik garatutako gerra mediatikoa”.
Hala ere, internazionalistek goraipatu zutenez, “inperialismoak ez du lortu bere helburua”: “Azken hauteskundeetan chavismoa garaile aterata,Venezuelako eskuina gero eta ahulago egonda eta eragiteko gaitasuna gero eta mugatuagoa izanda, alboko estatuekin harremanak onera ekarrita eta Venezuelako ekonomia gradualki hobetuta, eraso kategoria berri batera eraman nahi dute chavismoaren kontrako ofentsiba. Inperialismo yankia mundu nagusitasuna galtzen ari da, eta ezinbestekoa du bere ‘atzeko patioaren’ kontrola erabat berreskuratzea, Txinarekin mantentzen duen lehia horretan”.
Ildo horretatik, azken egunotan gero eta gertuago ikusten den esku hartze militarra justifikatzeko aitzakiak” salatu zituzten, “batere originalak” ez direla gogoraraztearekin batera: “Gobernu diktatorial bat erorarazi behar dela diote zenbaitek herri venezuelarrari demokrazia ekartzeko, mozorro altruista batekin. Hor kokatu behar dugu Corina Machado ultraeskuindar eta aberri saltzaileari Bakearen nobel saria ematea, Maduroren gobernuari zilegitasuna kentzeko saiakera horretan. Bestalde, narkotrafikoaren kontrako borroka argudiatzen dute: Maduroren gobernuari AEBetara heltzen den drogaren erantzule izatea leporatzen diote, eta, horregatik, segurtasunerako berebiziko arrisku moduan irudikatzen dute. Probarik eta euskarririk gabeko asmakizuna, baina hedabide masiboetatik zabaldutako propaganda egi bihur daiteke askorentzat, Goebbels naziak ondo erakutsi zuen moduan”.
Elkartasuna
Horren guztiaren gainetik, Askapenak argi dauka “Venezuelako herriak tinko eutsi” egingo diela “eraso inperialistei, bere subiranotasuna, bere proiektu eraldatzailea eta bere duintasuna defendatzeko”. Horregatik,” elkartasun osoa” helarazi zioten “herri ausart horri”: “Euskal internazionalistok, ezinbestez, elkartasun mezu horri gehitu behar diogu inperialismo yankiari estaldura ematen dietenen salaketa. Inposatu diguten Europako Batasuna gerrazalea prozesu bolivartarraren etsai amorratua da eta inperialismo yankiarekin lerrokatzen da, Etxe Zurian dagoen presidenteaz harago. Era berean, salatu behar ditugu Euskal Herrian bertan Venezuelako prozsua desitxuratzen duten alderdi, hedabide eta eragileak”.
“Venezuelako prozesu bolivartarraren defentsan atera behar dugu, baita inperialismoa eta bere laguntzaileak salatu ere, etxe ondoan ditugunetatik hasita. Inperialismoaren aurka eta prozesu bolivartarra babesteko kalera ateratzea beharrezkoa delako, datozen egunetan deitu ditugun mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu”, gaineratu zuten.


