Egia Records disko denda, binilo zaleentzako etxe bat Egian
Haizea Fernandez eta Beñat Maneiro, Egia Records dendako arduradunak.Beñat Parra Batzuek esango dute erokeria dela 2025. urtean disko denda bat irekitzea, baina binilo formatuko diskoen zaletasuna itzultzen ari da, gero eta jende gehiagok estimatzen du formatu fisiko hori. Hori argi edukita, Egia Records disko denda ireki dute Egian (Egia kalea, 6) Beñat Maneiro eta Haizea Fernandez egiatarrek. Joan den ostiralean ireki zuten, baina inaugurazio ofiziala asteburu honetan egingo dute, ostiralean eta larunbatean (hilak 12-13), DJ saioekin eta bestelako jarduerekin.
“Ikusten dugu biniloarekiko zaletasuna itzultzen ari dela; era digital honetan, balioa ematen ari zaio berriz ere musika ukitzeari eta sentitzeari”. Horrela, “Donostian musika fisikoki edukitzeko beharra” dagoela ondorioztatuta, Egia Recordsen abentura abiatzea erabaki dute arduradunek.
Hain zuzen ere, gaur egun, Mirakruz kaleko Libdisks eta Parte Zaharreko Beltza Records eta Donosti Rock dira Donostiako disko denda bakarrak edo bakarrenetarikoak, eta zerrenda horretara Egia Records batu berri da.
Askotariko eskaintza, partekatzeko
Egia Recordsen aurkitu daitekeen musika mota askotarikoa da: Mikel Laboa, The Police, Queen… Eta are askotarikoagoa izango da: “Denetik eduki nahi dugu eta pixkanaka ari gara gauza desberdinak ekartzen”. Hain zuzen ere, Maneiro Londresen bizi izan da hamabost urtez, eta handik disko bereziak ekartzeko lanetan dabil. Era berean, jendearen interesen araberako gauzak ere ekartzen ahalegindu daitezkeela nabarmendu dute arduradunek.
Bestalde, argi dute zein den dendaren helburua: “Nahi dugu izatea espazio bat partekatzeko bakoitzaren musika ezagutzak, musika ukitzeko, entzuteko tarte bat ere badago… Gure jende ezagunak ere tartetxoa edukiko du beraien kubetatxoak betetzeko, gomendioak emateko jendeari eta abar. Oso espazio zabala izatea nahi dugu, auzoko musikari eta taldeek euren musika ekar dezaten, baita ere. Auzotik auzoarentzat, baita hiriarentzat ere”.



