Liderraren etxean galdu du Ibaeta Basketek
Porrotekin itxi dute asteburua Ibaeta Basketek eta Realeko neskek zein mutilek. Gipuzkoa Basketek, aldiz, irabazi egin du.
Ibaeta Basketen eta Gironaren arteko partidako une bat.Ibaeta Basket Partida gogorra zuen igandean Ibaeta Basketek, eta ezin izan zuen balentriarik ospatu. Hain zuzen ere, Girona liderraren etxean jokatu zuten donostiarrek, eta 71-60 galdu zuten. Lehen zati txar bat egin zuten bisitariek, eta gero momentu onak izan bazituzten ere, ezin izan zioten markagailuari buelta eman. Bi porrot jarraian daramatza talde donostiarrak, baina ligako laugarren postuan jarraitzen du.
Gipuzkoa Basketik dagokionez, Alacant jaso zuten etxean ostiralean. Ez zen neurketa erraza, sailkapeneko goiko postuetako taldea baita valentziarra (bosgarren postuan dago egun), baina donostiarrek maila ona erakutsi eta mendean hartu zuten: 77-70. Horrela, ligako hamahirugarren posturaino igo da Gipuzkoa Basket.
Futbolean, partida garrantzitsua zuten larunbatean Realeko neskek, Real Madril aurkari zuzenaren etxean jokatu baitzuten. Ordea, ez ziren madrildarren etxea hartzeko gai izan, eta zorigaiztoko gol batekin galdu zuten neurketa: 43. minutuan, Morazak bere atean sartu zuen baloia, kanporaketa bat gaizki atera zitzaionean. Horrela, ligako hirugarren postura jaitsi da Reala eta bigarrenera igo da Real Madril.
Azkenik, Realeko mutilek ere porrot mingarria jaso zuten larunbatean Gasteizko Mendizorrotzan, Alavesen aurka. Lehen zati txar baten ostean, lehenengo zati horren luzapenean Lucas Boyek penaltiz sartutako gola nahikoa izan zen euskal derbia Alavesek irabazteko. Ligako hamalaugarren postuan daude orain donostiarrak.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Girona 71 — Ibaeta Basket 60
Gizonezkoen bigarren maila, 10. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 77 — Alacant 70
Futbola
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Real Madril 1 — Reala 0
Gizonezkoen liga, 15. jardunaldia
- Alaves 1 — Reala 0


