Silvia Perez Cruzek Donostian joko du maiatzean
Ohiko bihurtu da Silvia Perez Cruzek urtero edo ia urtero Donostian jotzea, eta hala egingo du 2026ko biran ere. Sarrerak bihar goizean jarriko dituzte salgai.
Silvia Perez Cruz, Kursaalean, 2024ko Jazzaldian.Lolo Vasco/Jazzaldia Silvia Perez Cruz musikari katalana Donostiara itzuliko da 2026an, “soinu ezagunak, horizonte berriak eta forma berriak dituzten abesti original berriak partekatzeko”, Donostia Kulturak nabarmendu duenez. Maiatzaren 8an eta 9an joko du katalanak, Viktoria Eugenia antzokian, eta sarrerak bihar (hilak 9) jarriko dituzte salgai, 11:30ean. Donostia Kulturaren webgunearen bidez zein Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan erosi ahalko dira.
2024ko Jazzaldian etorri zen Perez Cruz Donostiara, eta kontzertu gogoangarria eman zuen. Oraingoan, Carlos Montfort (biolinak, perkusioa, tronpeta eta koruak), Marta Roma (biolontxeloa, tronpeta eta koruak), Bori Albero (kontrabaxua, tronpeta eta koruak) igoko da oholtzara.
Bestalde, Musikagela Weekend jaialdiaren hamaseigarren aldiaren berri ere eman du Donostia Kulturak: urtarrilaren 31n izango da, eta Galiziako Zalomon Grass taldearekin batera, Musikagelan entseatzen duten Thee Eliam, Krifis eta La Sombra Del Flaco talde donostiarrak arituko dira bertan. Horretarako sarrerak ere bihar (hilak 9) jarriko dituzte salgai.


