Deklaratzeari uko egin diote Guardetxearen aferaren harira epaitegira eraman dituzten sei gazteek
Maiatzeko udalbatzarrean izandako istiluen harira deitu dituzte gazteak deklaratzera eta espetxe zigor eskaerak aurreikusten dituzte.
Alde Zaharreko Gazte Asanbladako hainbat kidek elkartasuna adierazi diete euren kide auzipetuei.Beñat Parra Maiatzaren Lehenean Urgulleko Guardetxea okupatu eta bertan Parte Zaharreko gaztetxea auzolanean ireki ostean, Donostiako Udalak eraikina husteko salaketa aurkeztu zuen. Horren aurrean, Alde Zaharreko Gazte Asanbladako (AZGA) hainbat kide udaletxera joan ziren maiatzeko udalbatzarrean, “udal gobernuari bilera bat eskatzeko”. Istiluak izan ziren udal batzar aretoan, ordea, eta sei gazte deklaratzera deitu dituzte gaur (hilak 9) horren harira.
Euren kideei elkartasuna adierazteko, zenbait gazte Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratu dira, Okupazioaren kriminalizazioaren aurrean, gaztetxeak aurrera lelopean. AZGAko kide Eñaut Alvarezek azaldu duenez, gazteek uko egin diote deklaratzeari, eta, beraz, Fiskaltzaren zigor eskaeren zain daude orain: “Autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea egotzita deitu dituzte deklaratzera eta litekeena da lesioak ere egotzi nahi izatea, eta, beraz, espetxe zigor eskaerak aurreikusten ditugu”.
Gazte asanbladako kideak nabarmendu du maiatzeko udalbatzarrera “bilera bat eskatzeko” bertaratu zirela, “besterik gabe”: “Eskatzeko Donostiako Udal Gobernuari sei urtez hutsik egon den Guardetxeko eraikinaren esleipen bat. Udalaren erantzuna izan zen Udaltzaingoa gure kontra botatzea eta gu denok bertatik indarrez kanporatzea”.
“Etorri gara gure kideei elkartasuna adieraztera, eta argi uztera ez dugula onartuko gaztetxea eta okupazioa kriminalizatzea. Guk egin dugun gauza bakarra izan da sei urtez hutsik egon den espazio bat auzolanean berreraiki eta biziberritu. Hori delitua baldin bada, zer esanik ez sei urtez eraikin publiko bat hutsik edukitzea zer den”, gaineratu du AZGAko kideak.


