Donostiako Musika eta Dantza Eskolak kulturaz beteko du abendua
Dantza eskolako ikasleen emanaldia.Donostiako Musika eta Dantza Eskola Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak programa zabal eta anitza prestatu du abendurako: guztira 42 emanaldi eskainiko dituzte, hiriko auzo eta gune ugari kulturaz biziberrituz. Egutegi honen bidez, eskolak argi erakutsi nahi du Donostiako bizitza sozial eta kulturalean parte hartzeko duen konpromisoa, eta, aldi berean, oholtza berriak eskaini nahi dizkie ikasleei, beren prestakuntza artistikorako. Jarduera sorta hileko lehen egunetik abenduaren azkenetaraino hedatzen da.
Programa horren baitan, garrantzi berezia izango du Lagunkoia Zikloak, adinekoen egoitzetan eskainiko diren hemeretzi emanaldirekin. Besteak beste San Rafael, IZA, Berio, Aldakonea edo Hermano Garate zentroetan egingo diren bisitetan, saxofoi, trikitixa, piano, abesbatza eta orkestrako ikasleek musika bidezko laguntza eta bizitasuna eramango dituzte, Gabonak ate joka ditugun honetan.
Hiri osoan zehar
Egoitzetatik harago, eskola Donostiako geografia osoan zehar arituko da lanean. Intxaurrondo eta Casares-Tomasene Kultur Etxeetan bost kontzertu programatu dituzte, gitarra, combo eta Big Band taldeekin, musika auzoetara hurbiltzeko asmoz. Era berean, eskolak presentzia berezia izango du Gabonetako ekintzetan; —Miramar Magikoaren inaugurazioan ikuskizuna eskaini zuten, esaterako—. Egiako Frantziskotarren elizan, berriz, Gabonetako bi kontzertu handik osatuko dute egitaraua, hilaren 16an eta 19an.
Azken egun horretan bertan, hilaren 19an, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan saxofoi kontzertu berezia egingo dute. Emanaldi horrek Donostiako eta Hernaniko musika eskolak elkartuko ditu, bi udalerrien arteko lankidetza artistikoa sendotuz. Bestalde, dantza espezialitateak Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearekin batera jardungo du Irungo Amaya antzokian, hilaren 14an.
Ikasitakoa erakusteko
Kanpoko jarduera guztiei eskolaren barruko bizitasuna gehitzen zaie. Atotxa eta Herrerako egoitzetan egingo dituzten hamabi entzunaldietan, ikasleek biolontxelo, piano eta klarinetean egindako aurrerakuntza artistikoak erakusteko aukera izango dute, senide eta hurbilekoen aurrean.
Emanaldi guztien egutegi osoa eskolaren webgunean kontsultatu daiteke.


