Donostia Turismoak hainbat egitasmo abiatu ditu saltoki txikiak babesteko
Saltoki txikiak indartzeko egitasmoak aurkeztu dituzte, udaletxean.Donostiako Udala Saltoki txikien balioa eta presentzia “indartzeko” hainbat egitasmo martxan jarri ditu Donostiako Udaleko Turismo Sailak. Hala nola, shopping gida bat, merkataritzako ibilbide berriak, landing espezifiko bat, onlineko kanpainak, ikus-entzunezkoak eta sare sozialetako edukiak. Horien guztien xehetasunak aurkeztu dituzte, udaletxean.
Tokiko 74 saltoki elkartuak biltzen dituen gida baten 10.500 ale prestatu eta banatu dituzte, lau hizkuntzatan. Argitalpenean, establezimenduak sektoreka sailkatuta agertzen dira, eta gaika antolatutako zenbait ibilbide proposatzen dira, hiria bertako merkataritza eskaintzan oinarrituta esploratzeko. Gida saltokietan, ostatuetan eta turismo bulegoetan banatzen da.
Bestalde, zortzi ibilbide sortu dituzte, Google Maps aplikazioan ere atzitzeko modukoak, askotariko proposamenak biltzeko: Made in SS, surfeko eta kiroleko arropa, marka anitzeko luxuzko arropa, estiloa duten dendak, artea, galeriak eta jaki gozo eta gazien ibilbideak. Ibilbideok aukera ematen dute negozio bereziak aurkitzeko, eta tokiko saltokien aniztasuna jartzen dute agerian.


