Elkarretaratze zaratatsua egingo dute ostegunean Zabaltza Zabaletan mantentzearen alde
Egoera aldatu ezean, Zabaltza Jubilatuen Etxeak ateak itxiko ditu behin betiko hilaren 22an. Udalak ez die Zabaleta kaleko egoitzan gelditzen uzten eta elkarteko arduradunen ustez, proposatu dien lokal berria ez da egokia.
Zabaltza Groseko jubilatu elkarte bakarra izanik, Hondarpe Groseko Bizilagun Elkarteak hura defendatzeko zenbait jarduera antolatu ditu. Horietako bat da, bihar, hilak 11, 18:30ean egingo duten elkarretaratzea. San Frantzisko kalean, egoitzara doan galeria aurrean, bilduko dira Zabaltza Zabaletan Zabalik. Nahi eta behar dugulako lelopean. Herritarrak deitu dituzte parte hartzera eta zarata egiteko tresnak ere ekartzera.
Beren egoeraren berri eman zutenetik, oposizioko alderdiek galderak eta mozioak erregistratu dituzte, irtenbide bat bilatzeko eskatuz udal gobernuari. Gaur-gaurkoz, ez da iritsi.


