'Hamelingo Txirularia' musikala oholtzaratuko dute Antzoki Zaharrean
'Hamelingo Txirularia' musikal bihurtu dute BAM! taldekoek.Donostia Kultura Bergara Antzerki Musikala (BAM!) Elkarteak gaur goizean aurkeztu du Hamelingo Txirularia musikala Antzoki Zaharrean. Grimm anaien ipuin ezagunetik abiatuta, familia osoarentzako euskarazko ikuskizun musikal bat sortu dute.
Musikala Iñigo Casali iruindarraren musikan eta Iñaki Elizalderen testuetan oinarrituta dago, jatorriz gaztelaniaz sortutako El Flautista de Hamelin operaren euskarazko moldaketa eginez. BAM! elkarteak, 35 urteko ibilbidean 13 musikal sortu ondoren, bere helburuari eutsi dio: euskarazko antzerki musikalak ekoitzi eta herritarren artean zabaltzea. 150 antzezpen baino gehiago egin dituzte urte hauetan, eta euskara izan da beti euren lanen ardatza.
Berrikuntzak, errotik
Oraingoan ere, ikuskizunak berrikuntzak ditu. Obraren jatorrizko bertsioan gizonezkoek betetzen zituzten rol nagusien banaketa birpentsatu dute, eta emakume eta gizonen arteko oreka adierazteko, pertsonaien papera bi sexuen artean banatu dute. Helburua, “gizartearen isla berritu eta eguneratu bat eskaintzea” da, Hamelingo egunerokoan ikus daitezkeen herritarrak oholtza gainera eramanez.
Taldearen hitzetan, euskaraz sortutako ikuskizunek Euskal Herriko kultur eszenan duten lekua sendotzera dator beren obra. Markatutako ibilbideari jarraituz, atzerriko musikal arrakastatsuen egokitzapenetatik hasi eta jatorriz euskaraz sortutako lan handietara bidean, beste mugarri bat da beren proposamena.


