Itsasoari poetikoki begiratzen diotenak
'De espaldas al mar. Hiria eta itsasoa' erakusketa aurkeztu du Cruz Larrañetak.Nagore Garmendia “Donostia meategi bat da; eszenatokia jarrita dago”, esan digu Cruz Larrañeta argazkilariak ikusgai jarri dituen argazkiengatik galdetu diogunean. Itsasoa da, olatuak. Itsasoari eta olatuei nola begiratzen diegun, non gauden gu, haiek hor jarraitzen dutenean. Mugitu gabe.
Aquariumeko T aretoan jarri du ikusgai Larrañetak bere azken erakusketa: De espaldas al mar. Hiria eta itsasoa. Bertan, Donostiaren eta bere hiru hondartzen arteko harreman ezkutua eta agerikoa batera erretratatzen ditu artistak. Hiriak itsasoarekin duen harreman estu eta aldi berean urruna, batu eta banatzen dituen lerro horretan.
Egunerokotasuna eta olatuak
Larrañetaren begiradak eguneroko eszenetan jartzen du arreta: lehen begiratuan oharkabean igaro litezkeen keinu eta momentuak dimentsio artistiko eta poetiko bilakatzen dira. Argazkiek itsasoa aisialdirako, jolaserako zein kontenplaziorako gune gisa erakusten dute. Istorio desberdinak, bakanak; izan ere, artistaren esanetan, “komuna, herrikoia eta intimoa” gurutzatzen dira argazkiotan.
Argazkiez gain, bideo bat proiektatzen dute aretoan. Hondartzen irudiak dira, zuri-beltzean. Larrañetak aitortu du bideoa bere lagun batena dela, eta bereziki gustuko duela, “poesia duelako”. Bideoak berak, eta olatuek.
Hilaren 11tik otsailaren 22ra bitarte egongo da ikusgai erakusketa, 10:00etatik 18:00etara. Gainera, urtarrilaren 23an eta otsailaren 20an bisita gidatuak egingo dituzte. Horretarako, beharrezkoa da izena ematea.


