181.000 ikusleko langa gainditu du aurtengo Zinemaldiak, errekor berri batekin
Angelina Jolie aktorea, Zinemaldiko alfonbra gorrian.Zinemaldia Urteroko legez, Zinemaldiak txosten batean jaso ditu aurtengo edizioak emandako zifra ofizialak. 254 film proiektatu dira 666 emanalditan, eta, bertan, 56 herrialdetako 181.183 ikusle izan dira. 2024an, 172.301 ikusle izan ziren; beraz, % 5,15 igo da ikusle kopurua.
Zinemaldiak ikusle kopuruan ez ezik, akreditatuen kopuruan ere gora egin du; azken kasu horretan, gainera, laugarren urtez jarraian gainditu du errekorra, aurten 5.556 laguni eman baitie akreditazioa, alegia, aurreko edizioan baino % 4,55 gehiagori. Guztizko horretatik, % 43 Industrian akreditatuak dira (2.411); % 37 filmetako lantaldeen kideak eta erakundeen ordezkariak (2.067), eta gainerako % 19a, kazetariak eta argazkilariak/kamerariak (1.078). 2025. urtean, 618 komunikabide erregistratu dira, aurreko edizioan baino ia % 7 gehiago. Horietatik, 387 espainiarrak ziren, eta 231 beste herrialde batzuetakoak; alegia, kopuru horiek % 3 eta % 14 inguruan hazi dira, hurrenez hurren.
Palestinarekin elkartasuna, Zinemaldi osoan zehar
Inaugurazio galatik amaierako ekitaldira, Netanyahuren gobernua Palestinan gauzatzen ari den genozidioaren aurkako protesta baketsuen testuinguru eta bozgorailu izan zen Zinemaldia. Zuzendaritza-batzordeak 73. edizioa hasi aurretik argi utzi zuen zer jarrera zuen; komunikatu bat kaleratu zuen, non galdegiten baitzuen “berehala su-etena gauzatzeko eta Hamasek bahitu guztiak askatzeko”. Hala, bederatzi egunetan, ekintzaileek nahiz zinemagileek, bai aretoetan, bai aretoetatik kanpo, aldarrikapenak egin zituzten.
Bidegabekeriaren aurkako jarrera horrek atzera begirako izaera ere izan du Gazteak, Zinema, Memoria eta Demokrazia zikloaren bidez, Espainiak askatasunean emandako 50 urteak ospatzeko ordezkariarekin batera antolatu du zikloa Zinemaldiak. Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoaren Ministerioaren ekimenak aukera eman du iraganak orainean eta geroan duen lekuari buruz gogoeta kolektiboa egiteko.
‘Los Domingos’ filmak Urrezko Maskorra
Lauda Ruiz de Azúaren Los domingos / Sundays filmak eskuratu zuen Urrezko Maskorra, eta berriz ere agerian jarri du zinema eztabaidarako foroa dela. Horren erakusgarri dira Zinemaldian izandako 213 aurkezpen eta solasaldiak. Horiez gain, Hizketaldiak saila nabarmendu behar da, besteak beste, Claire Denis, Gia Coppola, Harris Dickinson, Alexandre Desplat eta Alberto Iglesias, eta Joachim Trier bildu zituena.
Eta aurreko azterlanetik hamahiru urtera, Zinemaldiak txosten bat argitaratu du 2025. urtean. Horren arabera, 72. edizioak, 2024. urtean egin zenak, 47,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen. Datu horrek agerian uzten du zinemazaleen, prentsa espezializatuaren eta sektoreko industriaren elkargune izateaz gain, Donostia Zinemaldia hitzordu kultural hutsetik harago doan gertakaria dela, eta, halaber, hiriaren eta lurralde osoaren motor ekonomiko garrantzitsu bat, inpaktu onuragarria duena enplegu-sorkuntzan, ospean eta garrantzian.


