Bost kontzertu eta irudi berria dakartza Gure Ahotsak zikloak
Neomak taldeak borobilduko du zikloa, martxoaren 7an. Datorren urteko martxoan izango da Gure Ahotsak emakumezko musikarien zortzigarren zikloa. Bost kontzertukoa izango da, martxoaren 3tik 7ra, Viktoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean.
Zuzenean ariko diren talde zein artistak hauek dira, hurrenez hurren: Clara Peya (martxoak 3, Viktoria Eugenia Kluba), La Tremendita (martxoak 4, Viktoria Eugenia Kluba), Chica Sobresalto (martxoak 5, Antzoki Zaharra), Mirua (martxoak 6, Antzoki Zaharra) eta Neomak (martxoak 6, Antzoki Zaharra).
Berrikuntza gisa, musikariekin topaketak egingo dituzte Viktoria Eugenia Klubean, Clara Peyarekin eta La Tremenditarekin. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai 11:30ean, Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta Donostia Kulturaren webgunean. Gainera, aurten bi kontzertu edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek Gure Ahotsak zikloaren produktu sorta jasoko dute opari.
Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Esther Fernandino Musika ataleko programazio teknikariaren esanetan, “Emakumearen rola eta zuzeneko musikaren munduan duen ikusgarritasuna nabarmen ari dira aurrera egiten, eta horren adibide dira emakumeez osatutako taldeen belaunaldi berriak, ez bakarrik musika estilo jakin bateko kantari gisa, baita beste instrumentu batzuen buru eta historikoki gizonak protagonista izan diren beste estilo batzuetan ere. Normalizatu arte, horrelako ekimenak bistaratu eta gauzatu behar izatea beharrezkoa da emakumeen talentua erakusteko eta emakumeek maila guztietan eta kontzertuak gauzatu arteko prozesu osoan duten garrantzia nabarmentzeko”.
Irudi berria
Gure Ahotsak zikloak irudi berria aurkeztu du. TGA diseinu estudioak sortu duen identitate bisualak ahotsa jartzen du erdigunean. Emakumezko aho bat kantuan irudikatzen duen ilustrazioa adierazpenaren, presentziaren eta musikaren sinbolo zuzena da. TGAko Nagore Garcia Amianok adierazi duenez, “ahoa ‘donut’ itxurako forma zirkular batean integratzen da, euskarri bisual gisa funtzionatuz eta multzoari batasuna emanez”.


