Bretxako kirolgunea Donostiako udal kirol instalazioen sarean sartu da
Bretxako kirolguneko irudia.Donostiako Udala Donostiako Udalak iazko abuztuan iragarri zuen Donostia Kirola udal erakundeak kudeatuko zuela Bretxako Arrandegia eraikineko kirol instalazio berria, eta orain hartu du behin betiko bere gain kudeaketa hori. “Udaleko kirol instalazioen sareari gehitu zaio, hiriko eskaintza indartzeko eta auzoaren eskari historikoari erantzuteko”, azaldu du udalak.
Ekipamenduak 1.233 metro kadroko azalera du, bi solairutan banatuta eta hainbat espaziorekin: kirol anitzeko pista bat du —saskibaloirako, boleibolerako eta eskubaloi txikirako, momentuz—, aldagelak, komunak, biltegiak, teknikarientzako eta arbitroentzako guneak, erabiltzaileentzako armairuak eta abar.
Era berean, udalak gogorarazi du dagoeneko bertan egiten direla Gimnasia 65+, Pilates eta Ttipi-ttapa jarduerak, baita Orixe ikastolari gorputz hezkuntzako eskoletarako zerbitzua ematen diola ere. Horrez gain, Elizaran, Kai Alde eta Matia erakundeak ere bertan ari dira jarduerak egiten, aldi baterako.


