Gabonak Zuretzat haurrentzako eta gazteentzako programa aurkeztu dute
Udaletxean egin dute Gabonak Zuretzat programaren Donostiako Udala Donostiako Udaleko Gazteria Sailak ehunka jarduera dituen Gabonak Zuretzat programa antolatu eta aurkeztu du. Hilaren 13tik urtarrilaren 5era bitarte, haurrei, gazteei eta familiei zuzenduriko tailerrak, ikuskizunak eta beste egingo dituzte, hiriko hainbat auzotan.
“Donostiako Gabonak topaketa, sormen eta dibertsio partekatuko garaia izatea nahi dugu. Gabonak Zuretzat txikienek eta gazteek beraientzat, beren auzoan eta beren jendearekin pentsatutako jarduerez gozatzeko aukera paregabea da, elkartasuna, laguntasuna eta irudimena bezalako balioak sustatuz”, adierazi du Iñigo Garcia Gazteria zinegotziak.
Adin tarteen arabera sailkaturiko programa prestatu dute, bi liburuxketan jaso dutena: haurrentzako (0-11 urte) eta familientzako jarduerekin, eta gazteentzako proposamenekin (12-30). Gazteria Sailaren webgunean ikus daitezke.
Proposamen berritzaileak
Gabonak Zuretzat programaren barruan tailerrak, ikuskizunak, kirol eta kultur jarduerak eta bisita gidatuak bildu dituzte. Baita proposamen berritzaileak ere: robotika, errealitate birtuala eta familiako txangoa, besteak beste.
Horrekin batera, aurten bi kirol instalazio berri aurkezteko ekitaldi bereziak egingo dira, Auzoko ahotsak haurren parte hartze organoak bultzatuta: Bidebietako kalistenia gunea eta Herrerako Teqball mahaia.


