«Hezkuntza euskalduna» eta «Euskal Herriaren independentzia» aldarrikatu dute ehunka ikaslek Donostian
Ehunka ikaslek hartu dute parte Ikama antolakundeak deitutako manifestazioan.Beñat Parra Ikama ikasle antolakunde ezkertiar, independentista eta feministak deituta, greba eguna egiten ari dira Hego Euskal Herriko ehunka ikasle gaurkoan (hilak 11); lau hiriburuetan atera dira kalera eguerdian. Donostiako mobilizazioa jendetsua izan da, eta, Bulebarretik abiatuta, Erdialdeko zein Parte Zaharreko kaleak zeharkatu ditu, Gure hezkuntza euskalduna! lelopean.
Ibilbidean zehar, hain zuzen ere, ikasle borrokaren, hezkuntza euskaldunaren eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko ohi ugari entzun dira, baita faxismoaren aurkakoak ere. Era berean, Palestinako eta Saharako herriek pairatzen duten zapalkuntza ere gogoan izan dituzte manifestazioan.
Egitura propioen beharra
Amaierako irakurketan, “hezkuntza euskalduna” lortzeko bidean, ikasle borrokaren garrantzia nabarmendu dute Ikamakoek: “Euskal Herriko hamaika ikastetxe, unibertsitate eta kaleetan aktibatu eta gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan lurreratu dugun ikasle olatuak emango dio bultzada herri pizkunde berriari”.
Era berean, independentziaren aldeko aldarrikapen argia egin dute: “Gurea herri zapaldua da, gure kultura, historia eta hizkuntza jazarriak dira. Hezkuntzak ezinbesteko funtzioa du eginkizun horretan, izan ere, hezkuntza da sistema baten erreprodukziorako estatu baten egitura nagusienetako bat. Kasu honetan, Espainiako eta Frantziako Estatuek beraien nazio proiektuei erantzuten dieten curriculumak ezartzen dizkigute. Euskarak ez ezik, Euskal Herriak frantziar eta espainiar egiturekin apurtu, eta justuagoa eta berdinzaleagoa izateaz gain, euskaltzaleak izango diren egitura propioak eraiki behar ditugu”.
Ikamaren bidea zein den argi utziz itxi dute mobilizazioa: “Guk, hemen, orain, historia idatziko dugu. Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria euskalduna! Gora ikasleon borroka! Gora Ikama!”.


