Realaren «oraina eta etorkizuna itxaropentsuak» direla nabarmendu du Jokin Aperribaik
Kursaalean atzo egindako akziodunen ohiko batzarrean, aurreko denboraldiko eta sasoi honetako aurrekontuak onartu zituzten —%98ko babesarekin–.
Realaren akziodunen ohiko batzarra, Kursaalean.Reala Realeko akziodunek klubeko administrazio kontseiluaren kudeaketa berretsi zuten atzo, Kursaalean egindako akziodunen batzarrean. Kapital sozialaren %32,55ak parte hartu zuen, eta %98ko babesa eman zioten kontseiluak aurkezturiko bost puntuei. Esaterako, 2024-2025eko eta 2025-2026ko denboraldietako aurrekontuak onartu zituzten.
Jokin Aperribai presidenteak hiru hitz nabarmendu zituen bere hitzartzean: “Eboluzioa, exijentzia eta konfiantza”. Horrekin batera, Realaren “oraina eta etorkizuna itxaropentsuak” direla nabarmendu zuen.
Diru kontuei dagokienez, klubak 120 milioi euro inbertitu ditu guztira estadioaren erreforma eta Zubietako obra egiten. “Ekonomikoki sendo dago kluba eta instalakuntza modernoekin hornituta hazten jarraitu nahi du estrukturalki, kirol anbizio handiarekin eta beti eboluzioa jomugan duela, garen horretan eta egiten dugun guztian”, azaldu zuen.
Kontseiluak hamazazpi milioi euroko emaitza positiboa eta 93 milioi euroko ondare garbi finala duen balantze ekonomikoa iragarri zuen. Aldeko saldoa, gaur egun, 80 milioi eurokoa da eta ez dago zorrik kreditu erakundeekin. Gainera, Aperribaik 160 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen.
Gizonezkoak hizpide
Kirol alorrean, presidenteak soilik Realeko gizonezkoen lehen eta bigarren taldeak aipatu zituen, emakumezkoen taldeei aipamen zehatzik egin gabe. Mutilen lehen taldeko pasa den denboraldiko emaitzak eta sasoi honen hasierakoak “txarrak” izan direla aitortu zuen: “Irtenbidea gure baitan dago, jokatzeko moduan eta errendimenduaren bitartez, emaitzak eta exijentzia lortzeko”. Horrekin batera, onartu zuen klubak Europara itzuli nahi duela eta bertan kokatu nahi duela bere burua modu errepikakorrean, azken denboraldietan gertatu den moduan.
Gizonezkoen bigarren taldea ere aipatu zuen Aperribaik, besteak beste, gazteen talentuaren garapenean duen konfiantza nabarmentzeko: “Zubietan 36 milioi euro inbertituko ditugu azpiegituran, gure jokalariaren bilakaeran soilik pentsatuz”.
Amaya Zabarte
Batzarrean Joseba Novoak parte hartu zuen, Amaya Zabarteren senarrak. Klubari eskatu zion Zabarteren auzian akusazio partikular moduan aurkezteko. Aperribaik ez zuen aukera hori baztertu, eta klubeko abokatuarekin hitz egingo dutela adierazi zuen.
Neurri berri bat
Realeko presidenteak batzarra baliatu zuen neurri berri bat iragartzeko. Partida egunetan probintziako 63 autobusek Loiolako Erriberako Zorroaga pasealekuan aparkatzeko aukera izango dute, edo zaleei jaisteko eta igotzeko aukera emango zaie eta, beraz, Illunben aparkatzeari utziko diote.
Klubak laster iragarriko du noiz jarriko den martxan, aukeran, Realak 2026an Atletico Madrilen kontra jokatuko duen partidan.


