Epaiketa historikoez harago
Filma: Nuremberg.
Zuzendaria: James Vanderbilt.
Urtea: 2025.
Herrialdea: AEB.
Duela 80 urte, erregimen naziaren porrotaren ondoren Nurembergen Aliatuek egin zituzten epaiketen testuingurura eramango gaitu James Vanderbiltek bere bigarren film luzean. Hitlerren eskuineko eskuaren eta gizadiaren historiako gizonik beldurgarrienetako bat izan zen Hermann Göring (Russell Crowe) eta beste hainbat kide harrapatuko ditu armada estatubatuarrak, eta horien osasun mentala ebaluatzeko eta gerra krimenengatik epaitu ote daitezkeen erabakitzeko asmoz kontratatutako dute Douglas Kelley (Rami Malek) psikiatra estatubatuarra.
Epaiketek berebiziko garrantzia izango dute filmaren bigarren zatian, hain zuzen ere, interes historiko eta sinbolikoa izanik, horien izaera performatiboa berreskuratuko duelako. Baina klimax hutsa izango da, berriki estreinatu diren The Trial of the Chicago 7 (Aaron Sorkin, 2020), Argentina, 1985 (Santiago Mitre, 2022) edota Anatomie d’un chute (Justine Triet, 2023) lanetan gertatu moduan.
150 minutuko iraupena du Nuremberg-ek, baina duen erritmo dramatiko eta narratibo neurtuak ez du luze egingo. Gidoiaren garapen eta estruktura patxadatsuak saihestu egingo du gaur egungo pelikula mainstream-etan dagoen bizitasun eta estimulu pilaketaren beharra. Alta, aski ongi aukeratuko ditu emozio handiko uneak, momentu gorenak, eta bi aktore protagonistek ere emango dute eskatu izan zaien maila interpretatzailea.
Bada, Malek eta Croweren arteko hartu-eman intimoak bereganatuko ikus-entzulearen arreta, funtsean, filmak giza psikologiaren pitzaduretan sakondu nahiko baitu. Nolabait, Christopher Nolanek Oppenheimer (2023) obrarekin lotuz, estatubatuarren kontaketa ofizialaren atzean ezkutatzen den nagusitasun morala —baita Alemania naziarena ere, noski— ezbaian jarriko du Nuremberg-ek.
«Arduradunek ez dituzte beti uniforme beldurgarriak jantzita eramango», entzungo diogu esaten pelikula amaieran Kelley psikiatra estatubatuarrari, eta bistan da haren iragarpena betetzen ari dela. Gaur egun mundua astintzen ari den krudelkeria eta basakeriarekin lotura eginez, botere nahiak historia behin eta berriz errepikatzea dakarrela ohartarazi nahi digu trazu komertziala izan bai, baina biziki erakargarria eta borobila den filmak.


