Amara Berri Ehuntzen elkarteak «bizikidetza eta aniztasuna» aldarrikatu ditu
Amara Berri Ehuntzen elkarteak antolatutako topaketa, Amara Berrin.Amara Berri Ehuntzen Atzo (hilak 13) goizean kulturarteko eta bizikidetzako topaketa berezia egin zuten Amara Berrin, Amara Berri Ehuntzen elkarteak antolatuta. Ekitaldiak auzoko eta hiriko beste eremu batzuetako herritarrak bildu zituen, adin, jatorri, kultura eta hizkuntza desberdinetako pertsonak elkartuz.
Antolatzaileen esanetan, topaketaren helburua auzokideen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea izan da, “estereotipoak eta aurreiritziak apurtzeko eta arrazismoaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko”: “Bereizten gaituzten desberdintasunak ez dira garrantzitsuak, baizik eta aberasten eta elkartzen gaituztenak”, azpimarratu zuten ekitaldiaren hasieran.
Gertutasuna eta elkartasuna
Amara Berri “aniztasun handiko auzoa” dela nabarmendu zuten, eta aniztasun horrek egungo gizarte aldakorrei aurre egiteko aukera ematen duela. Antolatzaileek azaldu zutenez, pertsonen arteko topaketek gertutasuna sortzen dute isolamendura bultzatzen gaituen gizartearen aurrean, “elkartasunean eta duintasunean oinarritutako balioak erdigunean jarriz”.
Ekitaldian parte hartu zuten Al Kandora taldeko gazteek, eta horiek ere hitza hartu zuten. Auzoko bizilagunei eskerrak eman zizkieten gonbidapena onartzeagatik, eta topaketa hau “zubi” eta “lotura” gisa definitu zuten, “elkar hobeto ezagutzeko eta oztopoak apurtzeko abiapuntu gisa”.
Eta amaitzean, zer?
Jai giroan eman zioten amaiera topaketari, baina antolatzaileek ez zuten egoera kezkagarri bat salatzeko aukera galdu nahi izan: ekitaldia amaitu ondoren, auzokideak etxeetara itzuliko ziren bitartean, Al Kandorako gazteak aterperik gabe jarraituko zuten.
Horren aurrean, Amara Berri Ehuntzen elkarteak iragarri zuen astelehenetik aurrera hainbat erakunderekin harremanetan jarriko direla, gazte horien oinarrizko beharrak (ostatua, elikadura eta higienea) bermatzeko eta gizarteratze prozesuan laguntzeko.
Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten bertaratu ziren guztiei, elkartasuna eta konpromisoa erakusteagatik, eta mezu argi batekin amaitu zuten: “Ez ahaztu, behar gaituzte”.


