Gabriel Arestiren bizitza taularatuko du Ekida taldeak
“Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean” antzezlana. Ekida 50 urte bete dira aurten Gabriel Aresti poetaren heriotzaz, eta Ekida arte ekimen sozialistak bere obra, bizitza eta garaia landu ditu, antzezlan batean: “Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean”.
Apirilean estreinatu zuten obra Bilbon, eta Euskal Herriko zenbait herri eta hiri zeharkatu ostean, Donostiara iritsi dira. Hala, azken emanaldia eskainiko dute hilaren 30ean, Donostiako Zentro Sozialistan.
Figura berreskuratzea
Lau aktorek, bederatzi musikarik, bi zuzendarik eta hiru teknikarik osatzen dute lantaldea. eta Arestiren figura eta obra “berreskuratu” nahi dituzte antzezlanarekin. Azaldu dute ez dela memoria bidezko omenaldi bat, baizik eta bere obrak “gaurkorako eta biharkorako” balio duela aldarrikatzeko aitzakia bat.
Egitarau osoa
Emanaldiaren aurretik, beste ekitaldi batzuk egongo dira. Mirotz eta Borla taldeen kontzertu akustikoa da lehena; Euskal Herriko hainbat talderen parte hartzearekin ekainean argitaratutako Arestiren omenezko diskoa aurkeztuko dute. Gero, hitzaldi politikoa emango du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: “Euskara borrokan bizi da”.
18:00etan izango da ate irekiera, eta 18:30 hasiko dira ekitaldiak. Doakoa da sarrera, baina gonbidapenak erreserbatu behar dira, Ekidaren webgunean.


