Palestinara bidaliko du San Tomas postuan bildutako dirua Zaporeak-ek
Gipuzkoa plazan jarriko du aurten ere bere postua Zaporeak-ek.Zaporeak San Tomas azokan Gipuzkoa plazan jarriko du bere postua Zaporeak-ek. Bertan bildutako diru guztia Palestinari laguntzera bideratuko dute, hara janaria helaraztera, hain zuzen ere. Hala ezagutarazi dute elkarteko kide Peio Garcia Amianok eta Helena Ruiz de Azuak goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan.
Aitortu dutenez, postu hori oso garrantzitsua da egitasmoarentzat “diru asko” biltzen baitute, 14.000 euro inguru, gutxi gorabehera. Gainera, eragilearentzat hitzordu berezia da, duela hamar urte Grezian lehen sukaldea muntatu ahal izateko finantzaketa lortzeko parte hartu baitzuten. Chiosen zeuden errefuxiatuei laguntzera bideratu zituzten, beraz, 12.000-14.000 euro haiek.
Aurten, berriz, aukera eman zien leku horretan bertan “ospatu” nahi dute egindako bidea, Palestinara lan humanitario hori eramanez. Amianok azaldu du han azpiegitura bat jartzeko lanean ari direla eta harremanetan daudela hango jendearekin, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa dela. Elikagaiak sartzerik ez denez, dirua emango diete janari bihurtzeko. “Palestinaren egoera oso larria da, gosez hiltzen ari da jendea. Gure helburua betikoa da: jaten ematea”, gogoratu du Amianok.
Urtero legez, Euskal Herriko Txistorra Txapelketa bere postuan aurrera eramango dute, eta bertan salduko duten txistorra iazko irabazle Kepa Loiodi harategi oriotarrekoa izango da. Sagardoa, berriz, Saizarrena. Herritarrak animatu dituzte beren postura joan, txistorra pintxo batez gozatu eta elkartasun une bat pasatzera. Horrez gain, zozketa solidario bat ere gauzatuko dute. Mascaradaren lau loteetako bat eskuratu nahi dutenek euro batean eskuratu ahal izango dituzte txartelak. Bestalde, Eguberritako merkatuan postu bat dute materiala salduz, dirua biltzeko.
Urteotan, zortzi eta hamar milioi anoa banatu dituztela zenbatetsi du elkarteak, Grezian izan diren 2.000 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin. Egunean 2.000-2.500 anoa banatzen dituzte kanpalekuan “gerratik, gosetik, diskriminaziotik… ihes egiten dutenek otordu duin bat” izan dezaten. Nagusiki, afganiarrak, siriarrak eta palestinarrak dira lagunduak. Gunean, 5.000-5.500 lagun badaude ere, ezin diete denei jaten eman. “3.000 eman ditugu, baina gastu handia zen”, zehaztu du Amianok. Janaria banatzerakoan, lehentasuna beti dute haurrek, eta gero, emakumezkoek.


