Zaurgarrienen etxegabetzea eteteko dekretua berritzea eskatu du Kaleratzeak Stopek
Plataformaren aurreko agerraldi bateko irudi bat.Maitane Aldanondo Kaleratzeak Stop plataformak agerraldia egin zuen larunbatean bizitoki alternatibarik ez duten maizter zaurgarrien etxegabetzeak bertan behera uzten dituen dekretuaren luzatze “ezohiko eta unibertsala eskatzeko”. Salatu dutenez, abenduaren 31n iraungiko den neurria berritu ezean, “kaleratze tsunami” bat etor daiteke milaka familia etxe gabe gelditzeko arriskuan baitaude, abenduaren 31n indargabetuko baita. Prentsaurrekoan, eragileko ordezkariekin batera izan ziren, EH Bildu, Podemos eta EB-IUko kideak.
Dekretuak ahalbidetu egiten du amaitutako kontratuen luzapen automatikoa, maizter zaurgarrien kaleratzea eteteko. Etxebizitza Legeak aurreikusten duenez, jada amaitu diren alokairu kontratuak hiru urte arte luza daitezke tentsio handiko eremu izendatutako guneetan, urtebete, berriz, gainerakoetan. Bestalde, etxebizitza alternatibarik ez duten maizterren kaleratzea geldiarazten du. Bi neurri horiek “ezinbesteko babes ezkutua” dira “familia ahulen kaleratzeak nabarmen ugaritu ez daitezen”.
Plataformak adierazi duenez, Gizarte Zerbitzuen arabera, aurten, 58 familiak heldu diote dekretuari Donostian eta horiei gehitu behar zaizkie iazko 98ak. Orain, aldiz, milaka izan daitezke amaitzear dauden kontratuak. Dekretuak errenten ordainketa bermatzen die etxejabe txikiei eta Jaurlaritza 259 alokatzaileri ordaintzen ari zaio jasotzeari utzi dioten alokairua.
Rosa Garcia eledunak aurreko astean Gasteizko legebiltzarrak onartutako Etxebizitza arloko premiazko neurrien legearen aurka egin zuen, batetik, Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko zorua %75etik %60ra murrizten duelako; eta bestetik, etxebizitza kontratu bat izatea eskatzen duelako ere Diru sarrerak bermatzeko errenta eta laguntza sozialak jaso ahal izateko. Zaurgarrienean artean, beltzean ordaindutako alokairu kontratuak dira nagusi eta neurri horrek laguntza gabe uztean, kalean bizitzera behartuko ditu.


