163 postu eta hogei bat jarduera San Tomas eguna ospatzeko
San Tomas egunaren aurkezpena, udaletxean.Donostiako Udala Donostiako San Tomas feriak beste urtebetez egitarau zabala izango du, igandean, hilaren 21ean. Hain zuzen ere, txistorra, lehiaketak eta jarduerak uztartuko dituen egitaraua, donostiarrek asko maitatzen duten jaietako bat ospatzeko. Hortaz, azokara hurbiltzen diren pertsona guztiek, hainbat elkartek eta erakundek antolatutako txistorra salmenta postuez gain, gustu eta adin guztietarako jarduerez gozatu ahal izango dute, familian, lagunekin edo bikotean azoka egun eder bat pasatzeko.
Poxpolin eta postu eta lehiaketa ezberdinak
Aurten azokak protagonista berezia izango duela jakinarazi du udalak: “Duroc arrazako Poxpolin txerria. Aske hezia izan den txerri honek azokaren egunean 370 eta 380 kilo arteko pisua izango du”. Ohi moduan, Plaza Berrian kokatuko dute. Horrez gain, azokak txistorra, artisau, kontserbak, eztia, gozoak, fruta, barazkiak eta beste hainbat gai saltzeko 163 postu izango ditu.
Postu hauek Erdialdeko eta Parte Zaharreko zortzi lekutan egongo dira kokatuta, eta bertan ere, 2025erako antolatu diren hainbat lehiaketa egingo dira. Hortaz, Donostia Festak-ek hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean, San Tomas egunean sei lehiaketa antolatu ditu: Txistorra Gastronomian lehiaketa gastronomikoa, lur gaien lehiaketa erakusketa, Donostialdeko ezti lehiaketa, txorimaloen erakusketa lehiaketa, Euskal Herriko XIX Txistorra Lehiaketa eta baserritar jantzien lehiaketa.
Auzoek ere egitarau zabala izango dute hilaren 21ean. Izan ere, hainbat elkarteren eskutik azokak antolatu dituzte Amaran, Amara Berrin, Txomiñenean, Antiguan, Aieten, Loiolan eta Grosen.
Familientzako jarduerak
San Tomas familian ospatzeko eguna izaten da. Hori dela eta, Festak Sailak hainbat haur, kirol eta kultur jarduera antolatu ditu donostiar guztiei heltzeko. Horrenbestez, aurten ere eskulan tailerrak egongo dira, besteak beste kandelak egiteko tailerra, etxeko txikienei Poxpolin txerria margotzeko eta bere etxetxoan sartzeko margo tailerra, edo euskal mitologian oinarritutako jolasak. Eta familian ere ikusi ahal izango dira Okendo plazan beste urtebetez jarriko den animalien erakusketa.
Kirolzaleentzat emakumezkoen esku-pilota txapelketa eta emakumezkoen aizkolarien urrezko kopa egingo dira Trinitate plazan. Bertsolariak gustuko dutenentzat, Trinitate plazan, behin aizkolariak amaituta bertsoak entzuteko aukera izango dute. Eta folklorea gustuko dutenentzat, Erdialdean eta Parte Zaharrean trikitilariak eta txarangak izango dituzte, eta muxikoak eta erromeria Bulebarreko kioskoan.
Jai jasangarriak
Udalak lanean jarraitzen du jai garbiagoak eta jasangarriagoak sustatzeko, eta ondorioz, 45.000 edalontzi berrerabilgarri izango ditu, baita txistorra eta talo postuetako olioa jasotzeko bidoiak eta edukiontzi zerbitzu indartua ere. Gainera, guztira 119 komun kimiko instalatuko dira jai-jarduerak dauden tokietan.
Egitaraua osorik ikus daiteke Donostia Festak-en webgunean.


