Baserritar jantziaren inguruko doktore tesia defendatu du Ane Albisuk
Ane Albisu doktore tesia aurkeztu berritan, Donostian, 2025eko abenduaren 12an.Idoia Lahidalga / Dantzan CC-BY-SA XX. mende hasieran baserritarren janzkeratik sortutako festarako jantzia aztertu du Ane Albisu Iriartek (Donostia, 1960) Euskal Herriko Unibertsitatean defendatu duen doktore tesian. Baserritar jantziaren sorrera eta bilakaera du izenburua Albisuk defendatu duen doktore tesiak. 1885-1990 urteen arteko baserritar jantziaren bilakaerari erreparatu dio eta Gipuzkoan eta emakumeen jantzian jarri du fokua. Argazkiak, soinekoen irudiak, artxiboetako dokumentuak eta 81 elkarrizketa izan dira ikerlanaren iturri nagusiak. Ehun urte pasako bilakaera ikertu du, aztertu duen soinekorik zaharrena 1885ekoa baita eta 1990ean Ikerfolk elkartearekin abiatutako Atondu proiektuaren sorrera bitartekoak izan baititu aztergai.
EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia sailean osatu du tesia Albisuk eta 2025eko abenduaren 12an izan da aurkezpena, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Aitzpea Leizaola izan du Albisuk tesiaren zuzendari eta Aurkene Alzua (Deustu), Xabier Itzaina (Sciences Po Bordeaux) eta Josu Amezaga (EHU) izan dira epaimahaian. Aretoak ezohiko irudia eskaini du, entzulez bete baita, Ane Albisuk 30 urte baitaramatza euskal jantziaren ikerketan eta ibilbidean lagun izan dituen hainbat dantza taldetako kideak, jostun, jantzi zale eta bestelako interesatuak gerturatu baitira ekitaldira, adiskide eta senideez gainera.
Albiste hau Dantzan-etik ekarri dugu, CC lizentziei esker; bertan jarraitu dezakezue irakurtzen.


