«Egungo gaiak lantzeko» haurrentzako mitologia ipuina argitaratu du Aingeru Gorrotxategik
Amaia Ballesteros ilustratzailea eta Aingeru Gorrotxategi musikari eta irakaslea. Aingeru Gorrotxategi musikari eta irakasle donostiarrak idatzi eta Amaia Ballesterosek ilustratutako Malen jentila eta basoko melodia haur liburu musikatua aurkeztu dute Durangoko Azokan. Aurkezpena joan den abenduaren 8an egin zen, Saguganbara haur gunean, eta liburua azoka osoan zehar egon zen eskuragarri, Bizkaiko Foru Aldundiak, lanaren editoreak, egindako standean.
Istorioa euskal mitologiaren unibertsoan kokatzen da, zehazki jentilen munduan, baina elezaharrak biltzeko formatu klasikotik urruntzen da. Aingeru Gorrotxategi egileak azaldu duen moduan, helburua “kontakizun berri bat” sortzea izan da, “txikienentzat eskuragarria, mitologiarako sarrera izango dena, baina baita egungo gaiak lantzeko gune ere”.
“Mitologiako liburu asko daude, baina askotan kondaira konplexuetan oinarritzen dira, eta horiek ez dira beti errazak izaten haurrentzat. Nire asmoa istorio berri bat sortzea zen, gertuko pertsonaiekin, berdintasuna, ezberdin sentitzen direnekiko errespetua edo kultur transmisioaren garrantzia bezalako balioak lantzeko aukera emango zuena”, adierazi du Gorrotxategik.
Protagonista, Malen, ez dator bat jentilaren estereotipo tradizionalarekin: ez da bere indar fisikoagatik nabarmentzen, baizik eta bere sentsibilitateagatik, jakin-minagatik eta naturarekin eta musikarekin duen harremanagatik, horiek baitira kontakizun osoa egituratzen duten elementuak.
Hezkuntza osagai sendoa
Proiektuak begirada bikoitza du: musikan espezializatutako irakaslearena eta aitarena. Ikuspuntu horretatik, liburuak ikuspegi pedagogiko argia du, eta dagoeneko zenbait ikastetxetan lantzen ari dira, bai ikasgelan, bai euskal musikari, hizkuntzari eta kulturari lotutako hezkuntza proiektuetan.
Mitologiaz gain, ipuinak modu naturalean sartzen ditu historia, euskal musika tradizionala eta hizkuntza, irakurketa maila desberdinekin, helduek ere esanahi geruzak aurki ditzaten.
Liburuaren elementu berezienetako bat dimentsio musikala da. Malen jentila eta basoko melodia izenekoak bederatzi QR kode ditu, zortzi abesti originaletara eta kontatutako ipuinera doan sartzeko eta edozein gailutan entzuteko pistak deskargatzeko. Aingeru Gorrotxategik berak sortu eta ekoitzitako konposizioek, EZTEN BEAT haur proiektuaren bitartez, gaur egungo musikaren aldeko apustua egiten dute, beat elektronikoekin eta estilo desberdinekin — reggaetona, elektronikoa, folka, boleroa —.
“Musika eskaintza handia dago txikienentzat, baina adin batetik aurrera hutsune bat dago. Haur askok zuzenean kontsumitzen dute nerabeentzat pentsatutako musika. Egungo musika alternatiba eskaini nahi nuen, baina bere mundura egokitutako eduki eta mezuekin”, azaldu du egileak.
Gaur egungo estiloekin batera, alboka, trikitixa, txalaparta, panderoa edo txistua bezalako instrumentu tradizionalak barneratzen ditu proiektuak, tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia sortuz.
Kolaborazio nabarmenak
Liburuak euskal musikaren arloko artista ezagunen partaidetza du. Kolaborazioen artean Ane Martinez abeslaria (Loa eta Laia, Anita Parker), Eneko Benito albokaria (Garilak 26), Itxaso Berasategi trikitilaria eta Andeka Aranzabal txistularia nabarmentzen dira.
Ipuina EITBko bi kazetarik antzezten dute, Ane Muruamendiarazek eta Juan de la Vegak, soinu kontaketari gertutasuna eta profesionaltasuna eskainiz.
Era berean, abestietako bat, Hontzaren uhuria, Oihane Perea bertsolariarekin batera idatzi eta abestu da, eta “euskararen transmisio kulturalari eta bertsolarien irudiari balioa ematen die”.


