Euskalgintzari egiten dioten ekarpenari buruz hausnartu dute Guardetxean
Parte Zaharreko gaztea asanbladako kideekin elkartu ziren larunbatean Getariako eta Donibane Lohizune-Ziburuko gazteak.
Parte Zaharreko, Getariako eta Donibane Lohizune-Ziburuko gazteak elkartu ziren Guardetxean.Alde Zaharreko Gazte Asanblada Euskal Herrian Euskarazek (EHE) martxan jarritako TindEHEr egitasmoari jarraipena emateko, Getariako, Donibane Lohizune-Ziburuko eta Parte Zaharreko gazte asanbladetako kideak elkartu ziren larunbatean, hilak 13, Donostian. Egitasmoaren xede nagusia gazte mugimenduen arteko harreman sareak indartu eta euskalgintzari egiten dioten ekarpenari buruz gogoeta egitea zen.
Mendetako debeku eta jazarpenaren ondorioz, hizkuntza gutxitu bilakatuta, hizkuntza politiken ondorioz ezagutza mailak gora egin badu ere, erabilpenak behera egiten jarraitzen duela gogoratu dute, arnasgune zirenak galtzeko arriskuan izateraino. Euskara ez da ofiziala Euskal Herriko hainbat lurraldetan eta baden lekuetan oztopoak ugariak dira. Hego Euskal Herrian, oldarraldi judizialak “kolokan” jarri du administrazio publikoaren euskalduntzea; Ipar Euskal Herrian, berriz, estatu frantsesa hezkuntza prozesua osorik euskaraz egin nahi izatea kriminalizatzen saiatu da.
Diagnosi horrek islatzen duen egoeraren larritasunaz jabeturik, gaztetxe eta gazte asanbladek euskalgintzari egiten dioten ekarpena biderkatzeko unea dela uste dute eta halako elkarguneak “funtsezkoak” direla tokian tokiko errealitateak sakonki aztertu eta aurrera begira garatu beharreko proposamen politikoei bide emateko. “Euskal gazteoi dagokigu gure kultura eta hizkuntza defendatu eta zabaltzeko baldintzak borrokatzea”. Hizkuntz eskubideen defentsan bai gazteek, bai tokiko mugimendu sozialek antolatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute, baita joera faxista, arrazista eta erreakzionarioen aurka ere eta egungo erronken aurrean arduraz jokatzea. Bide horretan, EHEk antolatu eta euskalgintzatik egindako deialdietara batzeko deia ere luzatu dute.


