Kale egoeran bizi ziren bi lagunen heriotza salatuko dute igandean manifestazio batekin
Azaroaren 20an etxerik gabeko pertsona bat hil zela salatzeko agerraldia egin behar zuten, goizean bigarren baten heriotzaren berri izan dute.
Kontseilu Sozialista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak gaurko agerraldian.Maitane Aldanondo Kontseilu Sozialista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia deitua zuten gaur goizerako azaroaren 20an etxerik gabeko pertsona bat kalean hil zela salatzeko eta gertakari lazgarri horren aurrean udalak “ezikusiarena” egin duela gaitzesteko. Gaur, ordea, ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago jakin dute kale egoeran bizi zen beste lagun bat hil dela goizean Easo plazan. Bi gertakariak salatzeko, igandean, hilak 21, manifestazioa egingo dute Bulebarretik abiatuta, 12:30ean. Horrez gain, gaur hil den pertsonaren egoera salatzeko hainbat eragilek deitu duten elkarretaratzearekin bat egin dute, herritarrak parte hartzera deituz —18:30ean, Easo plazan—.
Udaleko EAJk joera erreakzionarioa bere egin duela uste dute eta horren adibidetzat jo dute azken asteetan izandako jarrera. Aipatu azaroko heriotzaren berri izan arren, udalak “ez zuen ez inolako adierazpenik egin, ezta horrelako kasu gehiago ez gertatzeko neurririk proposatu ere”. Lo Que No Te Cuentan De Donosti (LQNTCDD) gisako taldeek ere ez zuten gertakaria zabaldu, eragileek gogorarazi dutenez. Aldiz, egun gutxira Martuteneko Agustindarren eraikinean bizi ziren 111 pertsona kaleratu zituzten eta alkateak “arazoari irtenbidea ematea” deitu zion 60 lagun baino gehiago negu betean kale gorrian uzteari. Gainera, LQNTCDDk elkarretaratzea burutu zuen kale egoeran daudenak are gehiago “kriminalizatu eta hirian beldurraren diskurtsoa zabaltzeko”.
Zentzu horretan, EAJk “hauteskunde emaitzak hobetzeko helburuarekin”, LQNTCDDren segurtasunaren gaineko “diskurtso interesatua eta etorkinen kriminalizazioaren markoa” bere egin duela irizten dute. Azaldu dutenez, hirian 500 lagun baino gehiago daude kale gorrian, eta egora “oso larria” bada ere, gaitzetsi dute udalak ez dituela pobreziari aurre egiteko eskura dauzkan baliabide guztiak erabiltzen. Esaterako, hainbat eragileren presioari esker La Sirena aterpetxea 60 lagunek balia dezake gaua pasatzeko, nahiz eta leku gehiago izan. “Errealitate gordina da”, adierazi dute “pobreziaren aurka gehiago egiten du langile antolatuak udalak baino: janari, manta eta arropa bilketa eta banaketak, Kaleko Afari Solidarioak… “.
Ildo horretatik, aste honetan antolatu duten arropa, manta eta elikagai bilketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ostegunean (hilak 18), 15:30etik 19:00etara egongo dira Intxaurrondoko Sagastieder plazan, Parte Zaharreko Bretxako plazan, Añorgako Amassorrain ikastetxean eta Antiguako Gaskonia plazan. Larunbatean (hilak 20), aldiz, 10:00etatik 20:00etara egingo dira Sagastiederren, Bretxan eta Gaskonian, eta 10:00etatik 14:30era Amassorrainen.
Herritarrei eta herri mugimenduko eragileei dei egin diete bai kapitalisten Donostia ereduari baita pobreziari ere aurre egitera. Horretarako, langile klasearen independentzia politikoan sakondu eta programa erreakzionarioari bide orri sozialista eta iraultzailea kontrajarri behar zaiola uste dute. Alegia, “langile klasea subjektu politiko modura eratzea guztion bizi baldintzen alde borrokatzeko”.



