Kalean lo egiten ari zen pertsona bat hil da Easo plazan
Easo plazaren artxiboko irudia.Beñat Parra Gizon bat hil da astearte goiz honetan Donostiako Easo plazako kioskoan, bertan gaua pasatu ostean, Donostiako Udaleko iturriek baieztatu dutenez. Etxerik gabeko pertsona bat zen, eta Donostitik hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, kioskoan lo egin ostean, modu ezegonkorrean altxa ostean lurrera erori da.
Ertzaintza eta anbulantzia bat bertaratu dira Easo plazara eta Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen. Udaleko iturriek azaldu dute Ertzaintzak jakinarazi diela “heriotza naturala” izan dela, nahiz eta momentuz ez duten zehaztu zein izan den heriotzaren arrazoi zehatza. Donostiako hainbat gizarte eragilek gertakaria salatzeko elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako (18:30) Easo plazan, Kapitalismoa hiltzailea lelopean.
Jon Insausti alkateari ezbeharraren inguruan galdegin diote Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Alkateak Ertzaintzaren hipotesia berretsi du, eta hildakoaren senideei eta hurbilekoei elkartasuna adierazi die.
La Sirena aterpetxea, itxita
Udalak abian jarri zituen azaro bukaeran etxerik gabeko pertsonentzako neguko baliabideak, baina, urteroko legez, Ondarretako La Sirena aterpetxea ez dago egunero zabalik. Horren aurrean, Donostian ehunka pertsona kale egoeran daudela kontuan izanik, udalaren jarrera salatzen ari dira aurten ere Kaleko Afari Solidarioak taldea (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea: “Ez, La Sirena ez dago irekita. Beste urte batez, udala kontrakoa adierazten saiatu den arren, La Sirenak itxita dirau. Nola azal daiteke egun hauetan bizi dugun hotzarekin ‘hotzaren lokala’ deritzona itxita eta hutsik egotea? Norentzat eta noiz irekiko da?”.
Hain zuzen ere, abenduaren hasieran, Poliziak Martuteneko Agustindarren eraikin zaharra hustu eta ehundik gora pertsona kalean utzi ostean, udalak La Sirena ireki zuen, Agustindarren eraikinetik kaleratutako 60 bat pertsonari ostatu emateko. Ordea, aipatu eragileek salatu dute horrek ez diola erantzun osoa ematen hirian kale egoeran dauden pertsonen errealitateari.



