Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.500 izan dadin, grebara orokorrera deitu dute martxoaren 17rako
ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta Etxaldek Hego Euskal Herrirako LGS propioa lortzeko hurrengo ekimen bateratua aurkeztu dute. ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian greba orokorra iragarri dute, ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Mejorar salarios para repartir la riqueza’ leloarekin; helburua da EAEn eta Nafarroan ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea. Salatu dutenez, eztabaida guztiak itxi dituzte gobernuek eta patronalak.
Sindikatuek erabaki dute “erantzun indartsu bat” emango diotela Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, “baita Confebask eta CEn patronalei ere”. Agerraldian adierazi dutenez, “oso larria da ordezkari politikoek gizarteari ukatzea lege-aldaketak proposatzeko duen aukera bakarra; demokrazia zeharo murrizten ari dira”. Gainera, sindikatu deitzaileek nabarmendu dutenez, “langileriaren eskubideen aldeko autogobernu- eta burujabetza-ariketa bat gutxietsi dute; Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta patronalek Espainiako lan-legedia inposatu nahi dute, euskal langile-klasea are egoera prekarioagora bultzatzeko”.
Hain zuzen, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen dute; hau Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek finkatu beharko lukete, behin Diputatuen Kongresuan Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko urratsa egin eta gero. Horregatik, euskal alderdi politikoei galdegiten diete aldarri hau Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Halaber, Confebask eta CEN patronalei ere egingo zaie eskaria.
Argitu dutenez, LGSa handituz gero, “negoziazio kolektiboan eragina izango luke, beste soldaten igoera ere ekarriko bailuke”. Inflexio puntua izatea nahi dute: “Soldatak hobetzearen ondorioz aberastasunaren banaketa hobea lortzeko inflexio puntua da”. Deitzaile diren sindikatuek nabarmendu dute gutxienez 1.500 euroko gutxieneko LGS bat lortzeak emakume langileei ezarritako soldata-arrakala murrizten lagunduko duela. Era berean, ondorio zuzenak izango ditu prekarizatuenak diren kolektiboetan: “Gazteak, migratzaileak edo aniztasun funtzionala duten pertsonak”.


